GARA > Idatzia > Jo puntua

Izan izar, izan ezer. (Beckham versus Txirrita)

Zer uste dugu eskain diezaiekegula bertsolaritzari eta munduari orain dabiltzanek eskaintzen ez dietena?

Xabier Silveira

Bertsolaria

 Ttipitan handia izan nahi nuen. Telebistan ikusten nituen guztietatik berdin zitzaidan zein izan. Futbolaria edo aurkezlea izatea zen nire ametsa baina hain urrutiko zerbait izaten saiatu aurretik bertso eskolan hasi nintzen. Azken finean ordura arte irabazi nuen sari bakarra ikastolako literatur sariketan erdietsia nuen. Idazlanen atalean baina...

Ni, bertso eskolara, guay zen eta. Gizartea, Natur, Gaztelera, Matematika edo jartzen zidatena jartzen zidatela ere, beti ateratzen banuen bikain, zergatik izan beharko zuen desberdin bertsotan?

Laster egin nintzen handi eskolarteko txapelketetan eta gaztetxoentzako lehiaketetan, telebistako bertsolari helduek ere botatzen ez zituzten esaldi potolo eta maxima itzelak errimatuz.

Handitu eta handiagoa izan nahi dut. Batzuetan abesten dut telebistakoekin baina gehiagotan egin behar nuke nire uste umilean. Nire mailarako ezer ez diren afari kutreetan baino ez dut abesten gehienetan, nire bertso eskolako lagun pringatu (ez da telebistan ateratzen) honekin. Nik ezagunekin abestu nahi dut. Lagunekin ongi dago baina... Frontoi, zinema edo kultur etxe petatuetan abestu nahi dut; ni Egañarekin, ni Egañarekin! Ni zutik! Ah, eta telebista kamerak nire aurrean, ikus beza Euskal Herriak zein jakintsu errimatzen dudan.

Bat baino gehiago dabil bertsotan elitekoekin nire kalitatearen erdia ere ez daukana. Gainera, askotan, azaldu ere ez igoal! Eta ni berriro gazte asanbladako afarira espageti hotzak eta xolomo gogorra jatera nire lagun babu honekin!

Miniaturazkoa izango al naiz? Barkatu, baina bertsolariak bertsolari sentitzeko noiztik behar du abesteaz urrunago -ongi xamar edo oso ongi abestera iristea ez bada- doan zerbait? Zerk eragiten du bertsolari gazte batek nahiago izatea gustura afaldu (hotz eta gogor bada ere), entzuleak ezin hurbilago edukiz, eserita, errez eta edanez eta bere giroko beste kantukide batekin abestea baino, frontoi erdi huts batean, beretaz oroitu ere egin gabe jarri diren gai batzuekin eta egurra emango dioten bost edo zazpi finalistarekin jardutea?

Yoni, Maialen, Egaña, Iturriaga, Igor, Amets, Sustrai, Mendiluze eta hauek zer, bertsolariak direlako dira la ostia edo beraiek la ostia direlako da gaur egun Bertsolaria la ostia? Ah amigo! Zer uste dugu eskain diezaiekegula bertsolaritzari eta munduari orain dabiltzanek eskaintzen ez dietena? Zergatik uste izaten dugu saioen antolatzaileek bat edo beste aukeratzen dutela beraien herrian egingo den bertso saioan abesteko?

Abestu, abestu eta amestu handitan izan nahi dugunarekin. Bidea da helburua, helmuga, norabide bat besterik ez. Hitzak egin gaitu ezer.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo