GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiriburuko Herriko Etxeak A-63aren gainetik pasabide estali bat egiteko eskatu du

A-63 autobidea zabaltzeari buruzko eztabaida publikoa egiten ari dira egunotan. Hiriburuko Herriko Etxeak eta ADRA elkarteak herrian pasabide estali bat egiteko eta zarata murrizteko baliabide gehiago ezartzeko eskatu diote autobidearen jabe ASF enpresari.

Idoia ERASO |

 

Baionaren ondoan eta Aturri bazterrean dagoen 4.000 biztanleko herria da Hiruburu, eta A-63 autobideak erditik banatzen du. RD1 (departamenduko bidea) eta A-63 autobidea herrian elkartzen dira. Horregatik, errepidea handituta, alde bakoitzean hiru errail izanen dituen autobideak Hiriburun bost izanen ditu noranzko bakoitzean. Egoera horri ahalik eta modu egokienean aurre egiteko, autobidea erdialdetik pasatzen den tartea estal dezatela eskatzen du Herriko Etxeak, baina ASFk garestiegia dela argudiatu du, eta ez du onartu. Kristal bikoitzak jartzea proposatu du.

Horiek hala, Herriko Etxea, biztanleek osatutako ADRA elkartearekin batera, zabaltzea ahalik eta baldintza onenetan egiteko indar guztiak jartzen ari da. Azkeneko urteetan autobidearen jabe ASF (Frantzia Hegoaldeko Autobideak) enpresarekin bilkura anitz izan dituzte. Horietan, gai askotan adostu dira, baina «nahitaezkoak» diren bi puntutan ez dira bat etorri: erdiko aldearen banaketan eta zaratan.

Egun autobideak erdigunea bitan banatzen duen tokian 20 metroko zabalera duen zubi bat dago. Bidea zabaltzeko zubia botatzea eta handik hurbil beste zubi bat egitea proposatzen du ASFk. Hiriburuko biztanleek eta Herriko Etxeak hori onartezina dela diote, herriak banatua jarraituko lukeelako eta zarata entzungo litzatekeelako. Legeak onartzen duen zarata handiena gainditzen den tokietan leihoetan kristal bikoitzak jartzea proposatzen du ASFk.

«Hiriburuko biztanleak lasaitzen eta pozten dituen egitasmo bat proposatu behar dute», azaldu zuen Hiriburuko auzapez Alain Iriartek. Izan ere, Ipar Euskal Herrian autobideak eragin handien Hiriburun du. 25 hektarea ukitzen ditu A-63 errepideak, eta biztanleen laurdenei eragiten die.

Autobidearen inguruan bizi diren biztanleek osatu ADRA elkarteko Daniel Rometek argi utzi zuen beren iritzia: «Sarraskia egiten ari dira». Bidearen eraginak txikitzeko 180 eta 200 metro arteko tarte estali bat proposatzen dute.

 

Epaitegira jotzeko mehatxua

«Orain arte entzun gaituzte, baina ez digute jaramonik egin; orain, gure hitzei adi egon behar da», adierazi zuen Hiriburuko auzapezak. Hitz horiekin, Iriartek beren desmartxaren indarraren berri eman zuen. Elkarlanaren eta hitzarmenaren bidea lehenesten dutela behin eta berriz nabarmendu bazuen ere, haien «legezko» eskaerei erantzun positiborik eman ezean epaitegietara jo beharko dutela adierazi zuen Hiriburuko auzapezak.

Mehatxu hori egin dute; izan ere, hiriburutarrek badakite Euskal Herrian A-63 autobidea zabaltzeko lanetan toki garrantzitsuenetarikoa dela hura. Lanak han hastekoak ditu ASF enpresak, eta epaitegietan Hiriburuk irabaziko ez balu ere, egitasmoak atzerapen handia izanen luke.

Autobidea zabaltzearen inguruko eztabaida
Otsailaren 28an bukatuko da A-63a zabaltzeari buruz iritziak emateko aukera. Eztabaida publikoak iraun bitartean, elkarte, herriko etxe eta bizilagunek ASFk aurkeztu duen egitasmoaren gainean iritziak emateko eta proposamenak egiteko aukera dute. Gero, Administrazioaren ikertzailearen eta azkenik Estatuaren esku geldituko dira erabakiak. Horregatik, Biriatutik Baionara autobidearen inguruan bizi diren pertsonen elkarte Lurra Zainek informaziorako eztabaida publikoa egin zuen hilabete hasieran. Ikertzailearen iritzia heldu bitartean, Euskal Herriko biztanle guztiak eta, batez ere, erakunde publikoak zabaltzearen gainean iritzia ematera gonbidatu ditu Lurra Zainek. Hiriburuko elkarte ADRAk Aturri ondoko herriaren berezitasuna nabarmentzen du; izan ere, A-63ak herritarren laurdenengan izanen du eragina ukituko dituen 25 hektareatan. Berezitasun hori kontuan izanda, Hiriburuko herritarrek kanpaina berezia antolatu dute. Herriko Etxeak bi informazio bilkura antolatu ditu, eta ADRAk etxe guztietara liburuka bat igorri du. Bertan, biztanleei Herriko Etxean beren iritziaren berri emateko deialdia egin die. I. E.
kristal bikoitzak
Legeak onartzen duen zarata handiena gainditzen den tokietan etxeetako leihoetan kristal bikoitzak ezartzea proposatzen du ASFk. Biztanleek osatu ADRA elkarteak adierazi du «sarraskia" egiten ari direla.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo