GARA > Idatzia > Kirolak

Pilota Berezkoen Bakarkakoa

Ezkurra II.a da finalerdietako faborito nagusi bakarra

Urruñako atzelariak Andde Kurutxari izango du aurrez aurre, eta beste finalaurrekoan, Thyerri Etxeto eta Patrick Ozafrain neurtuko dira

Jon LEUNDA | DONOSTIA

 

Berezkoen bakarkako txapelketa unerik garrantzitsuenera heldu da, gaur bertan jokatuko baitituzte Pauen bi finalerdiak, 19.00etan. Hasteko, Ezkurra II.a eta Kurutxari neurtuko dira, eta ondoren, Etxeto eta Ozafrain.

Paxkal Ezkurra aterako da lehen finalerdia irabazteko faborito nagusia. Urruñarra da txapelduna, baita aurtengoa irabazteko faboritoa ere. Lehen kanporaketa jokatu gabe ganditu zuen, Dermitek min hartu baitzuen, eta ezin izan baitzuen jokatu. Final-laurdenetan, berriz, sekulako astindua eman zion Aranbururi.

Kontuz ibili beharko du, ordea, Andde Kurutxarirekin. Bi partidak irabazita eta sasoi betean heltzen baita norgehigoka horretara. Galtzeko ez du ezer, eta inongo presiorik gabe kantxaratzeko moduan da.

Beste finalerdia oso orekatua izango da. Etxeto eta Ozafrain, biak daude txapela irabazteko faboritoen artean. Adituen ustez, bi horiek dira Ezkurrari aurre egin diezaieketen pilotariak.

Finalerdietan, ordea, elkarren aurka jokatu beharko dute. Etxeto indartsu dator, bi partidak irabazita, eta lehen aldiz, Bakarkako finala jokatu nahi du. Ozafrainek lehen kanporaketa aise gainditu zuen Karrikarten aurka. Bigarrengoa, berriz, jokatu beharrik ez zuen izan, Muskarditzek min hartu, eta azken unean uko egin behar izan ziolako lehiaketari. Txapelduna izandakoa da Bankakoa, eta oraindik gaztea denez, berriro ere txapelak irabazteko itxaropena dauka.

 

Lehen aldiz Pauen

Gaurko finalerdiak Pauen jokatuko dituzte, eta lehendabiziko aldiz izango dira Biarnoko hiriburuko trinketean eskuzko pilotari profesionalak. Aldi berean, lehendabiziko aldiz jokatuko dute profesionalen lehiaketako partida bat Euskal Herritik kanpo, eta nola joango den ikusgai dago.

Txapelketa horren babesle nagusia Biarnokoa da, eta horregatik eraman dute eskualde horretako hiriburura. Trinketa berria da oraindik, eta oso dotorea. 600 lagun sartzen dira bertan, eta ikustera jende asko joatea espero dute.

Gaurko lehen ahalegina, ordea, ez da hor geratuko. Jean Michel Idiartek, EPB enpresako arduradunak, GARAri jakinarazi zionez. «Maiatzaren bukaerarako torneo bat antolatu nahi dugu, eta horren amaieran ikusiko dugu gauzak nola joan diren. Trinket ederra da, eta aprobetxatu beharko genuke. Gauzak ongi joanez gero, ezker paretakoentzat Logroñok duen erabilera bera izatea nahiko genuke trinketekoentzat Pauek. Biarnon orain ari da esku pilota goratzen, eta aprobetxatu behar dugula uste dut», esan zuen. Lehenengo, ordea, gaurkoa eta maiatzekoa ikusi behar.

bi partidak Pauen
Gaur jokatuko dituzte bi finalerdiak, 19.00etan, eta lehen aldiz izango dira profesionalen lehiaketako partidak Pauen; orain arte, horrelako lehiaketako neurketarik ez baitzuten jokatu Euskal Herritik at.
Trinket berria da
Biarnoko hiriburuko trinketa berria da, eta oso dotorea, gainera. 600 ikusle inguru sartzen dira, eta gaur erantzun ona ematen badute, aurrerantzean ere izango dute profesionalak ikusteko parada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo