GARA > Idatzia > Kultura

Gazteak «burpatzera" gonbidatzen dituen dokumentala abian da

Gazteen «happening"ekin BURP dokumentala eginen du My Jok-ek Euskararen Erakunde Publikoaren eskaerari jarraiki. Bideoa Euskal Herriko gazteen erakusgarri izanen da «Euskal Munduak" erakusketan.

Idoia ERASO | BAIONA

Hogeita bost minutuan bost «burpkeria» izanen dira lehen BURP (Bask Underground Report) dokumentalean; Maule, Larzabale, Hazparne, Urruña eta Sarako «burperrek» eginak. Euskal Kultur Erakundea Batekmila egitasmoa dela-eta antolatzen ari den «Euskal Munduak» erakusketan gazteen ikuspegia emanen dute My Jok-ek egin happening-en grabazioek. Baionako Bonnat museoan eta Donostiako Koldo Mitxelenan izanen da erakusketa. Bestalde, gaztetxeetan dokumentalaren emanaldiak antolatuko dituzte sortzaileek ekimenaren karietara sortu BURP Sound System musika taldearekin batera.

Egunotan grabatuko dituzte ardiei emaniko kontzertua, irristailuarekin 80 kilometro orduko abiaduran mendia jaisten duten gazteen ekintzak eta BURP dokumentalaren oinarria izanen direnak. Jokin Etxeberriarekin batera My Jok-eko sortzaile Maiana Agorrodyk horrela definitu zuen egitasmoa: «BURP Hego Euskal Herrian ere erakutsi nahi dugu Ipar Euskal Herriko itxura tradizionaletik atera eta gazteen artean kultura berdina edozein tokitan badela azaltzeko. Munduko gazte guztiek zeregin berdinak dituztela».

Etorkizunean gazteen sorkuntza gaitasunak markatuko du BURPek izanen duen jarraipena; izan ere, lehenengo honen ostean bigarren eta hirugarren parte bat egitea aurrez ikusia dute My Jok-eko buruek. «BURG egitasmo orokor bat da; gure lehena da orain egiten ari garena, baina beste batzuk eginen ditugu, eta horregatik gazteei galdegiten diegu ekintza bereziren batean parte hartu nahi badute, `burpatzeko', gurekin harremanetan jar daitezela». Hitz horiekin gonbidatu zituen Maiana Agorrodyk Euskal Herriko gazteak Interneteko www.myjok.com orrialdean berekin harremanetan jartzera.

 

Musika Mauleko merkatuan

Mauleko «burperrek» herriko merkatuan eginen dute ekimena. «Banda punky bat sortu dute; sonoa bizkarrean izanen dute, gitarra elektrikoak eta beste instrumentuak. Horrekin Mauleko merkatura joanen dira musika jotzera», azaldu zuen My Jok-eko sortzaileak.

Ardiek izanen dute Larzabaleko gazteen happening-arekin gozatzeko aukera, kontzertu bat emanen baitiete. «Ekintza irriemangarriak dira, eta eguneroko bizitzatik ateratzen direnak», azaldu zuen Maiana Agorrodyk. Happening-ak eta, aldi berean, beren dokumentalaren ispiritua definitzen dituzte Agorrodyren hitz horiek.

Dokumentala euskaraz egina da, eta gaztelaniara eta frantsesera itzuliko dute. «Euskara guk komunikatzeko hizkuntza bat bezala ikusten dugu, eta ez dugu Euskal Herriko kultura euskalduna baizik erakutsi nahi, baina nazioarteko kultura. Bideoa euskaraz izanen da, baina ingelesez ere izan zitekeen -esan zuen dokumentalaren egileak-. Gazteek zerbait esateko duten nahia erakusteko egina da, eta ikusteko gazteria euskaldunak baduela nahi hori».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo