GARA > Idatzia > Kirolak

TXIRRINDULARITZA Mallorcako Txapelketa ORBEA

Etxebarriak etapa irabazi du eta dohainak frogatu ditu

Langilea da eta gazteek maisutzat dute. Edonola ere, Unai Etxebarria hori baino gehiago da. Izan ere, zortzi garaipen zituen, azken bi urteetan irabazi ez zuen arren. Atzo, berriz, ospea harrapatu zuen

Unai IRARAGORRI | BILBO

 

Euskaltel-Euskadi taldeko Unai Etxebarriak ez zuen aukera galdu, eta garaipena erdietsi zuen atzo Mallorcako 5. saioan, esprinterrak menderatuta. Hortaz, 35 urteko txirrindulari euskaldunak ibilbideko bedera- tzigarren garaipena eskuratu zuen, eta denboraldiko lehendabizikoa eman zion taldeari. Sailkapen nagusian, berriz, Luis Leon Sanchez (Caisse d'Epargne) nagusitu zen.

Roberto Laiseka tropeletik kanpo egonik, Etxebarria Euskaltel-Euskadi taldeko beteranoena da. Maisu eta eredu izan behar du taldekideentzat, eta rol hori gustukoa du bizkaitarrak; gazteei begira, batez ere. Langile fina da, gainera, baina beti irabazteko aukerak ez dituela baztertzen adierazi du. Izan ere, zortzi garaipen lortuak zituen atzo arte, hala nola, Espaniako Itzulian, Dauphine Liberen, Zornotzan, Laudion eta Kataluniako Astean.

Txirrindularitzaren eguneko egoera ez du oso gustuko, baina jubenil baten ilusioa du eta bizikleta eta kirol hau maite ditu. Horregatik, Euskaltel-Euskadi taldeko Gonzalez de Galdeano idazkari nagusiaren konfiantza osoa du, eta taldeko kapitana da errepidean.

Aurten, ez da lehiatuko hiru asteko itzulietan, eta klasikoak eta asteko itzuliak izango ditu helburu. Orain dela bi urte lortu zituen azken bi garaipenak, Laudion eta Mallorcan hain zuzen ere, eta bide hori ahaztuta zuela ematen zuen. Egia esan, hainbat alditan saiatu da azken bi denboraldietan, baina ospeak ihes egin zion.

 

Esprinterrak menderatuta

Atzo, ordea, irabaztea zuen helburu, eta xedea lortu zuen. Etxebarria oso txirrindulari azkarra da, eta amaiera gorabeheratsua aprobetxatu zuen. Azkeneko kilometroan erasoa jo zuen, eta atzean utzi zuen tropela. Esprinterrak saiatu ziren arren, ezin izan zuten harrapatu, eta euskaldunak harro altxatu zituen besoak.

Hasierako kilometroetan, elastiko laranja protagonista izan zen. Hirugarren kilometroan, Albizurik hanka egin zuen. Eisel (T-Mobile) eta Vallejo (Relax) aurkariekin batera. Dena den, ez zuen alde nabarmenik atera hirukoteak, eta 100 kilometro baino gehiago egin zuten ihes eginda.

Itzulia, berriz, Leon Sanchez gazteak irabazi zuen. Caisse d'Epargne taldeak lasterketa menpean izan zuen; nahiz eta aurkariak saiatu, ezin izan zuten gainditu, eta murtziarrak sailkapen nagusia irabazi zuen. Euskaldunen artean, Orbeako Otxotorena 13. sailkatu zen

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo