GARA > Idatzia > Kultura

Argia ikusi du Kepa Altonagaren «Etxepare, Aldudeko medikua"k

Kepa Altonagak «Etxepare, Aldudeko medikua" liburua aurkeztu zuen atzo, Bilbon. Lan horri esker, egileak 2003ko CAF-Elhuyar zientzia-dibulgaziorako saria irabazi zuen. Lanak argia ikusi du azkenik, Euskaltzaindiaren eta EHUren arteko hitzarmenari esker.

GARA | BILBO

Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan aurkeztu zuten atzo Kepa Altonagaren ``Etxepare, Aldudeko medikua''. Ekitaldian Andres Urrutia euskaltzainburua, Ludger Mees Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara errektoreordea eta Altonaga bera izan ziren.

«Jean Etxepare guztiz intrigagarria da», Kepa Altonagaren esanetan. Hala mintzo da hari buruz bere argitarapenaren hitzaurrean. Hori izan zen, hain zuzen ere, liburua idazteko izan zuen arrazoietako bat. «Nire begietarako, Jean Etxepare idazle dotorea da, eta zorrotza. Berritzailea da. Eta irekia. Areago: Jean Etxepare idazle ekumenikoa da. Atseginez irakurtzen da», nabarmendu zuen egileak.

Kepa Altonagak azaldu zuen Jean Etxeparek eboluzionismoa euskararen mundura sartu nahi izan zuela. «Hori erabakigarri suertatu zitzaidan. Une horretatik aurrera gogo bizia eduki izan dut, idazleaz bestalde, gizona ulertzeko, bai eta gizon horren ingurua ere», aitortu zuen orain kaleratutako lanaren arrazoiez hitz egiterakoan.

Gogo horrek bultzaturik, Jean Etxepareren nortasuna eta ibilbidea ezagutu nahi izan ditu Kepa Altonagak ``Etxepare, Aldudeko medikua'' lanaren bitartez. «Jean Etxepare medikua bere testuinguruan ulertzen ahaleginduko gara, eta izatez, Aldudeko medikuaren bizitza eta obra izan dira liburu horren ardatza eta denbora-bidaiarako aitzakia», aipatu zuen.

 

Garaiko Euskal Herria

Izan ere, bere azterketaren objektu izan den pertsonaiaren ibilbideaz eta pentsamenduaz baliaturik, zientziaren alderdi orokor batzuen eta garaiko Euskal Herriaren berri ematen du Kepa Altonagak liburuaren orrialdeetan barrena.

Kepa Altonaga Biologian doktorea da eta Zoogeografia eta Ornogabe Ez-Artropodoen Zoologia irakasten ditu Euskal Herriko Unibertsitatean. UEUko kidea da eta UZEI eta Elhuyarrekin kolaboratu izan du.

Euskaltzain urgazlea ere bada, eta ``Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan'' (1998) eta ``Armand David, pandaren aita'' (2001) liburuak argitaratu ditu honen aurretik.

Jean Etxepare Bidegorri (1877-1935), berriz, Atlantikoaren beste aldean jaio zen, Argentinan hain zuzen ere, Mar Chiquita herrian. Haurra zela, baina, bere familia Euskal Herrira bueltatu zen.

Medikuntza ikasi zuen Bordelen, eta 1901. urtean, doktore-tesia aurkeztu zuen. Garaiko idazle laiko bakarrenetarikoa izan zen Etxepare.

Gaztetandik hasi zen medikua ``Eskualduna'' aldizkariarekin kolaboratzen. Gainera, bi liburu argitaratu zituen: ``Buruxkak'' (1910) eta ``Beribilez''.

Bere lan guztiak bildu eta argitaratu ditu Piarres Xarriton euskaltzainak. Eskualtzaleen Biltzarreko presidente izan zen, eta ``Gure Herria'' aldizkariaren buruorde eta idazkari nagusia ere bai. Kanbon zendu zen, 1935. urtean.

 

 

 

 

IDAZLE LAIKO
Etxeparek medikuntza ikasi zuen. Gaztetandik hasi zen «Euskualduna" aldizkariarekin kolaboratzen, eta bi liburu argitaratu zituen: «Buruxkak" eta «Berebilez". Garaiko idazle laiko bakanetakoa izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo