GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jairik lotsagabeenak eta adar-jotzaileenak hartuak dituzte jada makina bat kale bazter

«En Tolosa, inauteriak..." dio datozen egunetan Gipuzkoako herri horretan batean eta bestean entzun ahalko den kantu ezagun batek. Izan ere, tolosarrek euren festa nagusiak hasiak dituzte. Inauteri zaleek Tolosatik kanpo ere izango dute ongi pasatzeko aukera, Euskal Herriko herri gehientsuenetan ospatzen baitira inauteriak.

Maider EIZMENDI

Asteak igaro dira jada batean eta bestean inauteriak hasi zirenetik. Leitzan, Lizartzan, Iturenen, Zubietan, Sunbilan... bapo pasatu dute dagoeneko. Egunotan ere ez da, ordea, inauteri faltarik izango bazterretan, Euskal Herri osoko txokoak hartuko baititu inauteriaren funtsak. Zerrenda amaigabea da.

Akaso, bateren batek haserrealdiren bat hartuko du honakoa irakurtzerakoan, baina egundo zalantzarik ez da Tolosako inauteriek aparteko fama hartu dutela. Herritarren artean ez da zalantza izpirik, inauterien inauteriak baitituzte. Kontua da sei egun eta gau luzez Gipuzkoako herri horretan egunerokoak alboratzen dituztela, jaian, algaran, broman... buru belarri sartzeko.

Atzoz geroztik dira tolosarrak euren jai handietan, eta herritarrek eta inguruko bisitariek hartuak dituzte jada bertako bazterrak. Hori bai, igandea heldu arte mozorroak armairuan sartuta izango dituzte.

Eguerdiko hamabietan, inauteriak iraun bitartean izango den Udalbatzak bota zuen suziria, ohikoa den bezala promes xelebreak bota ostean. Ordurako Plaza Zaharra topetaraino betea zegoen. Ostegun Gizenean horren ohikoak diren jantziak, kolore biziko txilabak eta txapelak eta lan jantziak, soinean bertaratu ziren gehienak.

 

«Erakustaldi eguna haurrentzat»

Suziriaren danbatekoa entzun bezain laster ekin zioten fanfarreek euren lanari: jaiak ohikoak diren inauteri musikaz alaitzeari. Herritarrek, berriz, euren lanari ekin zioten: dantzari, jan eta edateri... Ondo pasatzeari, alegia. Jaian minutu bakar batzuk zeramatzatenerako kale bazterrak asaldaturik zeuden. Gehienak jaiari ekiten ari ziren bitartean, gutxi batzuk mozorroak prestatzeko azken lanak egiten ari ziren. Horiek beranduago izan zuten jairako okasioa, goizean ez ezik, egun guztian zehar izan baitzen festa. Ilunabarrean ere jende ugari bertaratu zen, inauteri usaian.

Tolosarrek beraien jaiarekin nahikoa badute ere, herri askotan izan zen atzo inauteri eguna: batez ere, eskola adinean dauden haurren artean. Izan ere, aste luzeetan prestatu dituzten mozorro eta dantza ikuskizunak guraso, lagun eta herritarrei erakusteko okasioa izan zuten. Gustura, egunero ez baitute egindako lana plazaratzeko okasiorik izaten, eta urduri, aldi berean, prestatutakoa ahalik eta hobekien egiteko.

Atzokoan, asko, gaur beste askoren txanda izango da. Baionan, esaterako, herriko haurrek gaur egingo dute desfilea kaletan zehar, eta horretan lagun izango dituzte zanpantzarrak. Gauza bera egingo dute beste makina bat herrietan.

Asteburua izango da, ordea, inauteri jaiak pilatuko diren aldia. Mozorro zaleek aukera paregabea izango dute, erosi edota prestatutako hori jendaurrean erakusteko. Azken orduko inprobisatzaileek, berriz, imajinazioari tira beharra izango dute. Baina badu jai honek berezirik: lotsagabetasuna saritzen baitu, atrebentzia, aurpegia jartzea... Zorionekoak, egun hauetan, zentzurik hobereneko lotsagabeak, jairik adar-jotzaileenak ate joka etorriak baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo