GARA > Idatzia > Euskal Herria

Barañaindarrek Emakumeen Eskubideen Kartarekiko konpromisoa berretsi dute

Barañaingo Hagin talde feministak duela bi urte Emakumeen Mundu Martxa zela-eta hartutako konpromisoak berretsi, eta Euskal Herriko Emakumeen Kartarako egingo dituen ekarpenak zehaztu ditu

GARA |

 

Bi urte igaro dira Euskal Herriko emakumeak Emakumeen Mundu Martxari harrera egin ahal izateko lanean hasi zirenetik. Orduan, Emakumeen Eskubideen Karta izan zuten aldarrikapen nagusi, baina bertakoarekin lotura handiagoa duen proiektu baten alde lanean jartzeko konpromisoarekin bat egin zuten: Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Gutuna.

Denbora igaro arren, Barañaingo Hagin talde feministak konpromiso horiek berretsi ditu. «Asko dira zor zaizkigun eskubideak, eskuratu beharreko eskubideak, aitortzen ez zaizkigun eskubideak eta aitortu arren praktikan jartzen ez direnak», adierazi dute kideek.

Hori dela-eta, Euskal Herriko Emakumeen Karta «ahalik eta emakume gehienen artean» adostu beharrekoa dela nabarmendu dute.

Halako karta batek oso askotarikoa izan behar duela ohartarazi dute. «Patriarkatua bakarra da mundu osoan, baina alde ezberdinak azaleratzen ditu, lekuan lekuko errealitate sozial eta politikoaren arabera», baieztatu dute. Horretaz jabeturik, eta «Euskal Herri osoan egin beharreko eztabaida» prozesua dela jakinik, bideari eustea eta herriz herriko lanketa hastea erabaki dute Hagin taldeko kideek, bakoitzak ahal duen heinean ekarpenak egin ditzan.

 

Sinadurak eta kontzientziazioa

Barañainen bereziki bi eskubideren alde egingo dutela lan jakinarazi dute talde feministako kideek: «Osasun zerbitzu osoa eta kalitatezkoa izateko eskubidea» eta «emakume izateagatik lan zehatz batzuk egitera geure burua behartuta ez ikusteko eskubidea».

Lehenengoa emakumeari laguntzeko zentroekin dago lotuta, horiek eskaintzen duten zerbitzua ez baitute nahikotzat jotzen, eta horrek ondorio oso kaltegarriak dakartzala adierazi dute: «Urte bat baino gehiago itxaron beharra ordua eskuratzeko, azterketak hiru urtetik behin egitea, eta abar». Hori ginekologo bakarra dagoelako gertatzen dela salatu dute, eta horri irtenbide bat eman nahian, beste ginekologo bat jar dezaten sinadura bilketa hasiko dutela adierazi dute.

Landuko duten bigarren arlo nagusia, berriz, etxeko lanak egitea eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzea beti emakumeen esku geratzearena da. Horren inguruko «sentsibilizazio kanpaina bat» hasiko dutela jakinarazi dute. Hala ere, horiek ez dira jorratuko dituzten eremu bakarrak, eta datozen hilabeteetan «kultur eskubideak, hezkidetzarako eskubideak, sexualitatea askatasun osoz bizitzeko eskubidea» eta beste landuko dituztela adierazi dute.

martxoak 10
Eztabaida egiten jarraitzeko, Haginek emakume guztiei dei egin die martxoaren 10ean Nafarroako Emakumeen Batzarrean parte hartzera, goizeko hamarretan, Karlos III.a zinema aretoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo