GARA > Idatzia > Ekonomia

Lakuaren arrantza politikak «ezintasuna" erakutsi du

Batasunaren ustez arrantza sektorean izandako azken aginduek Ibarretxeren Gobernuaren «ezintasuna" erakusten dute. «Euskal arrantzaleen interesak Madrilen esku daudela frogatu dute", diote.

GARA |

«Arrantzan zein gainontzeko arlo guztietan ere Euskal Herriak hitza eta erabakia eduki behar du gure interesak nazioartean zuzenean defendatzeko», adierazi zuen atzo Batasunak Gobernu ezberdinek arrantza sektorean egindako mugimenduen arira. Prentsa ohar batean, Euskal Autonomia Erkidegoa bezalako autonomiek «itxura egiteko besterik ez dutela balio» dio, baita Europar Batasunetik heldutako azken aginduaren aplikazioak Lakuaren «ezintasuna» agertzen duela ere.

Antxoaren kasuan Europak ezarritako debekua eta 28 itsasontziri baimendutako arrantza esperimentala aipatu ditu Batasunak. Erabaki horrek Frantziako «arrantza indiskriminatuari» bide ematen diola azaldu du alderdi abertzaleak0, eta Estatu espainola Frantziaren aurrean «belaunikatu» dela salatu du.

«Arrantza esperimentala baimentzea aitzakia merkea baino ez da arrantzatzen jarraitzeko. Gainera, erabakia era takretsean hartu da: 28 arrantza-ontziri bakarrik eman zaie baimena, kuotarik gabe eta flotaren gehiengoa antxoaren kanpainatik kanpo utziz», azaldu du talde abertzaleak. Kexu azaldu da, era berean, arrantzatzera aterako diren arrantza-ontzien «sare pelagiko harrapariak» debekatzeko inolako neurririk ezarri ez delako.

Auzi honen inguruan Europar Batasuneko Arrantza ministroen batzordean izandako negoziazioa ere ekarri du gogora Batasunak. Gonzalo Saénz de Samaniego Lakuako Nekazaritza eta Arrantza kontseilariak eztabaidetan parte hartuko zuela «zalaparta izugarriarekin» iragarri ostean, «kalean, burumakur eta umiliatuta» geratu zela adierazi du talde abertzaleak.

Gainera, «lotsagarritzat» jo du Gasteizko Gobernuak «egoera tamalgarri hau onartuz eta Estatuaren aurrean makurtuz» izandako jarrera. Izan ere, Europar Batasuneko aginduaren ondorioz Lakuak iragarritako neurriek, arrantza esperimentalaren bidez harrapatutako antxoa merkaturatzea debekatzea edota Gasteizko Legebiltzarrean «arrantza jardueraren iraunkortasuna defendatzea», Gasteizko Gobernuaren «menpekotasuna eta ausardia eza» erakusten dutela uste du Batasunak.

Horrenbestez, Estatu espainolari eta frantsesari «hitza eta erabakia» exigitu dizkie. «Euskal Herriko arrantza eta gure arrantzaleen interesak zuzenean Bruselan eta munduan defendatu behar ditugu inolako bide faltsuetan erori gabe», esan du Batasunak.

Kudeaketa plana behar da

Antxoa eta Bizkaiko Golkoko beste arrainen epe luzeko etorkizuna bermatzeko «bide bakarra kudeaketa plan integrala onartzea eta betetzea» dela azaldu du Batasunak.

Plangintza eragile sozial, sindikal eta politikoekin «eztabaidatua eta adostua» izatea eskatu du talde abertzaleak. «Hartu beharreko erabaki politiko nagusia hurrengoa da: zer nolako neurri sozial, ekonomiko eta ekologikoak jarri behar diren martxan Bizkaiko Golkoan antxoa eta beste arrain guztien masa ugaldu eta mantentzeko», esan du.

Bestalde, Jaime Tejedor Gipuzkoako Kofradietako Federazioko presidenteak apirilaren 15etik ekainaren 15era bitartean izango den antxoaren arrantza esperimentala merkaturatuz gero «gatazka» sortuko dela esan zuen atzo.

Euskal kofradietako ordezkariak Josu Erkoreka Espainiako Kongresuko EAJko bozeramailearekin bilduko dira. Tejedorrek atzo esan zuenez, kezkatuta jarraituko dute kanpaina esperimentaleko diseinuan arrantzaleen parte-hartzea ziurtatu arte. Madrilgo Gobernuak parte-hartze hori bideratzeko konpromisoa hartu zuela gogoratu zuen.

«gatazka"
«Bertoko sektorea ez da ez da egonean egongo frantsesak arrantzatzen ari direla eta gu zerura begira gaudela ikustean", esan zuen atzo Jaime Tejedor Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo