GARA > Idatzia > Editoriala

EBren lan segurtasun estrategia, alferrikakoa

Europako Batzordeak osasunaren eta lan segurtasunaren gaineko hainbat urterako estrategia aurkeztu zuen atzo. Aurreko urteetakoa ez bezala, ezkutuan -gizarte eragileek eta enpresaburuek parte hartu gabe- prestatu duten estrategia horrekin 2012 bitartean lanpostuetan gertatzen diren istripu hilgarriak %25 murriztu nahi ditu. Vladimir Spidla Enplegu arduradunak esan zuenez, 2004. urtean 4.397 lagun hil ziren Europar Batasunean lan istripuetan, eta ia lau milioik hartu zuten hiru egunetik gorako gaixoaldia lan istripuen ondorioz. Istripuak ohikoagoak dira gazteen, immigranteen eta kontratu prekarioa dutenen artean.

Horrelako estrategia bat beharrezkoa eta positiboa da, zalantzarik gabe, baina helburuak benetako esfortzua eskatzen du eta ez dago batere argi nola gauzatuko den, ezta gauzatuko den ere. 2002 eta 2006 bitarteko plana ez da bete, batez ere enpresek ez baitute hura betetzeko borondaterik, eta horrek ez du oraingoa beteko den esperantza handirik ematen. Bestetik, EB osoan ez dago prekarietate maila bera. Izan ere, Hamabosten Europan lan segurtasun handiagoa dago; haien ondoren sartu ziren estatuetan dago lan kalitaterik eskasena eta, ondorioz, segurtasunik kaskarrena ere bai. Horiei dagokie, beraz, esfortzurik handiena. Estatu espainola horren adibide da, bertan hiltzen baita EBko bost lagunetik bat.

Oso estrategia egokia da paperean, baina ondoren estatu bakoitzak nahi duen modura aplikatuko du, edo ez du aplikatuko, eta hortxe dago atzo aurkeztu zuten asmoaren eta praktikaren arteko alde handiaren gakoa. Enpresaburuek ez dute legea betetzen eta eskuarki ez diote inolako erantzukizuni aurre egin behar izaten. Kontraesan handia erakusten du, gainera, EBko enplegu politikak. Alde batetik, istripuak gutxitzeko estrategia egokia aurkezten du eta, bestetik, EBk berak lanaldia luzatzeko neurriak iradokitzen ditu, aurreko helburuarekin nekez bateragarriak direnak. Beste behin argi daude EBren lehentasunak. Arazo larri horri aurre egiteak dirua eskatzen du, horregatik ez da arraroa zenbait gaixotasun, hala nola psikosozialak eta muskulueskeletikoak, profesionaltzat ez jotzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo