GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaldun Gazteriak elkarteak etxea erosteko dirua bildu du hiru hilabetez

Gazteei prezio apalean apartamendu bat alokatzeko aukera eman nahian, Euskaldun Gazteriak elkarteak etxe zahar bat erosteko diru bilketa kanpaina hasi zuen azaroan. Etxea erosteko 39.420 euroko kapitala lortu du elkarteak 219 parte salduz.

Ainize BUTRON

2006ko azaroan diru bilketa kanpaina bultzatu zuen Garazi eskualdean lan egiten duen Euskaldun Gazteriak elkarteak. Etxebizitza arloan dagoen espekulazioari aurre egiteko bultzatu zuen ekimen hori duela urtebete. Helburua etxe zahar bat erosi eta gazteei, prezio apal batean, alokatzeko apartamenduak eskaintzea zen.

Orotara, 200 partetan banatutako 36.000 euroko kapital soziala biltzeko asmoa azaldu zuten elkarteko kideek. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan buruturiko hiru hilabeteko kanpainaren ondotik, azkenean finkaturiko diru zama baino kopuru handiagoa lortu dutela jakinarazi du Euskaldun Gazteria taldeak.

Hiru hilabete egon dira elkarteko kideak proiektua aurkezteko bilkura publikoak antolatzen. «Gizarteak proiektuarekin bat egin duela ikusi dugu. Bilkura publikoetan parte hartzea anitza izan da, 103 pertsona hurbildu baitira proposatuak izan diren sei bilkuretara. Salgai ziren parte guztiak oso laster saldu dira», poztu da elkartea.

Guztira 219 parte sozial saldu dira. Horren bitartez 39.420 euro bildu ditu elkarteak. «Zazpi elkarte, SARL enpresa bat eta 153 pertsonak parte bat edo gehiago erosi dituzte», argitu zuen.

Herrialde guztiak ordezkatuak

Erosleen artean zazpi auzapez izan dira. Horrez gain, erosleen %21 hogeita hamar urtez pekoak zirela nabarmendu nahi izan zuen Euskaldun Gazteriak. «Erosleen artean lanbide eta herrialde guztiak ordezkatuak dira», zehaztu zuen.

Izan ere, erosleen %74 Nafarroa Beherekoa da, Zuberokoa %3, eta Lapurdikoa, berriz, %18. «Parte hartze anitz horren bidez, Iparraldeko gizarte zabala etxebizitzaren problematikaz kezkatua dagoela ikusten dugu elkarte gisa. Era berean, herritarrek irtenbide batzuen atzemateko nahikeria dutela ikusten dugu», azpimarratu zuen.

Uda aitzin aukeratua

Horiek horrela, diru bilketa kanpaina bukatua dela-eta, proiektuarekin jarraituko du orain Euskaldun Gazteriak elkarteak. Higiezinen Sozietate Zibila (SCI) eratzea izango da ondoko urratsa. Horretarako, sozietatearen estatutuak eta ibilmoldea finkatzeko biltzar nagusia eginen dute ondoko egunetan.

Azkenik, uda ailegatu baino lehenago apartamenduak aterbetuko dituen etxea aukeratzeko asmoa dute. «Hiru etxe bisitatu ditugu dagoeneko, guztiak Donibane Garazi inguruan. Obrak neurtzen ari gara PACT egituraren laguntzarekin», azaldu zuen azkenik Euskaldun Gazteriak elkarteak.

Anitza

Bideratuak izan diren sei bilkura publikoen bidez Euskaldun Gazteriak elkarteak parte hartze anitza izan du. Orotara, zazpi elkartek, SARL enpresa batek eta 153 herritarrek egin dute bat ekimenarekin. Parte-hartzaileen gehiengoa Nafarroa Beherekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo