GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erdi Aroko idi lasterketen ohitura nabarmentzeko garaia

HARAKIN IZATEAREN BEREZITASUNA NABARMENTZEKO, HARAKINEN ELKARTEAK ERDI AROTIK DATORREN BAIONAKO TRADIZIOA PIZTU NAHI IZAN DU. GARIZUMA HASI AURRETIK, IDI LASTERKETA EGITEN OMEN ZUTEN HIRIKO KARRIKETAN. HALA, URTERO, INAUTERIEN AZKEN EGUNEAN, IDI ERAKUSTALDIA ANTOLATZEN DUTE HARAKINEK BAIONAN.

Izter ederrak zituzten atzo Baionan elkartu zituzten hogei bat idiek. Beste hainbat zaldi eta zerri talde bat inguruan zituztela, hara bertaratu ziren herritar eta haurren mirespena piztu zuten.

Honela zioten gehienek: «Zein ederrak! Zein gizenak!». Izan ere, txuleta on bat preziatzeko gogoa ematen zuten erakustaldirako Baionako merkatuan elkartu zituzten idi gizenek. Hori da, hain zuzen ere, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako harakinen elkarteak ekitaldi hori antolatuta duen xedea: saltokietan dauden produktuen kalitatea kontsumitzaileei erakutsi.

Merkataritza ikuspegi horretatik kanpo, idi gizenen eguna antolatzeak badu beste helburu bat: mendez mende iraun duen tradizioari jarraitzea. «Erdi Arotik dator tradizioa», argitu zuen Denis Brillant elkarteko lehendakariak.

Inauteriak bukatu bezain laster, garizumaren garaia hastekotan zegoelarik, idiak askatzen zituzten Lapurdi hiriburuko karriketan. «Garai horretan nahiko basak ziren harakinak, eta idiak askatu ondoren, txakurrak gibeletik lasterka kosk egitera bultzatzen zituzten», adierazi zuen harakinak.

Ohiturak honela esaten zuen: garizumaren baraua hasi aurretik, sabela ongi betetzeko apairu handiak egin behar ziren. Idiak hiltzen zituzten apairu horiek hornitzeko.

Baina denbora pasatu ahala, Erdi Aroan hasitako idi lasterketa horiek bertan behera geratzen joan ziren. Eta, horren truk idi erakustaldiak egiten hasi ziren. Alde horretatik, duela berrogei bat urte oraindik ikusten ahal ziren Baionako harakinen saltegien ateetan idiak bizirik hiltegira eraman zitzaten itxaroten.

«Gogoratzen naiz txikitan, garizuma hasi aitzin, harakin bakoitzaren atean idi bat ikusten ahal zela», jarraitu zuen esaten Brillantek.

Duela hamabi bat urte, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako harakinen elkartea idi, zaldi eta zerrien erakustaldia antolatzen hasi zen tradizioa ez zedin guztiz desager. Erdi Aroko ohitura gogora ekartzean, Brillantek aipatu zuen: «Azkenean, badirudi entzierroa Baionan asmatu zela».

Duela bi urte Baionako, Angeluko eta Biarrizko hiltegiak su hartu zuela-eta, ekitaldia bertan behera utzi behar izan zuten. Baina, geroztik, ekimena antolatzen dute.

Harakinak lanean

Atzo, hogei bat idi zeuden Baionako merkatuko plazan. Guztiak egun berean hiltegira eramatekoak zituzten, eta hil aurretik haur eta helduek miresteko aukera izan zuten.

Abereekin batera, lanbidea nabarmentzeko bost harakin ikasle zeuden bertan haragi puska handi eta freskoak puskatan mozten.

Herritarrak multzoan elkartu ziren bertan, ondoko asteetako idi uzta nolakoa izango zen ikusteko. Haragi puska erraldoiak moztu zituzten, eta pertsona asko zati bat jateko gogoarekin geratu zen bertan harakinei so. Bitartean, urtean abereei ematen dieten bazka mota kontsumitzaileei azaltzen aritu ziren idi hazleak.

Ainize BUTRON

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo