Somalian dauden Etiopiako soldaduen lekua beteko du Afrikako Batasunak
Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak erabaki duenez, Afrikako Batasunak Etiopiako soldaduak ordezkatuko ditu Somalian sei hilabetez. Denbora tarte horretan, «elkarrizketa eta berradiskidetzea" bultzatu beharko ditu, baita egungo sasi gobernua babestu ere.
GARA
Afrikako Batasuneko ordezkaritza bat (AMISON izena jarri diote) Somalian egotea erabaki du Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak. Etiopiako soldaduen lekua beteko du, horiek Somaliatik irteten hasi baitira. Bere zeregina «elkarrizketa eta berradiskidetza» sustatzea eta Abdulahi Yusuf Ahmed buru duen sasi gobernua babestea izango da. Era berean, herritarrei laguntza eman ahal izateko «segurtasun neurriak ezarri» beharko ditu.
Eginbehar horiez gainera, Somaliako «segurtasun indarrak» entrenatzea egokitu zaio, bai eta horiei laguntza eta aholkularitza ematea ere. Alde horretatik, armen bahiketa partzialki kenduko dute.
Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu duen ekimenak 53 nazio afrikarrei soldaduak Somaliara bidaltzeko eskatzen die, eta NBE osatzen duten estatuei, laguntza ekonomikoa eta giza baliabideak ahalbidetzeko. Bestalde, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moon-i Yusuf Ahmeden Gobernuari «berradiskidetza prozesua» martxan jartzen laguntzeko esaten dio Kontseiluak. Bi hilabeteren buruan, egon diren aurrerapausoekin eta Somalia «berreraikitzeko gomendioekin» txosten bat aurkeztu beharko du Banek.
NBEren Britainia Handiko enbaxadore Emyr Jones Perryk honakoa esan zuen: «15 urtean lehen aldiz, somaliarrek beren herria berreraikitzeko aukera izango dute. Norabide egokian, pauso garrantzitsua da adierazpen hau».
Estatu frantseseko enbaxadorea ildo berean mintzatu zen, eta Afrikako Batasunari babesa helarazi zion.
Matxinoek, dena den, Afrikako Batasuneko soldaduei aurre egingo dietela ohartarazi dute. «Nazio Batuek beren eskuak Somaliatik at mantendu beharko lituzkete, indar islamikoak atzerriko indarren kontra borrokatzeko prest baitaude, kasko urdinak edo beltzak izan», esan zuen Erresistentzia Herri Mugimendu taldeko buruak.
Somaliaren egoera benetan larria da. Etengabeko bortizkeria giroan bizitzeaz gain, denbora gutxian hainbat natura hondamendi gertatu dira bertan. Iaz, lehorte izugarria eta uholde handiak izan ziren, eta uztak eta ehunka etxebizitza txikitu zituzten. Askok bizilekuak utzi behar izan zituzten. Zazpi milioi lagun txirotasun gorrian bizi dira, eta bortizkeria eguneroko kontu da. Herenegun, esaterako, 15 lagun hil ziren Muqdishon.
«Nazio Batuek beren eskuak Somaliatik at mantendu beharko lituzkete, indar islamikoak atzerriko soldaduen kontra borrokatzeko prest baitaude», ohartarazi du talde batek.