Superliga Atzeratutako partida da gaurkoa
Athleticek Puebla hartuko du Lezaman
M.A. | BILBO
Superligako liderrak arerioekiko distantzia handitzeko aukera izango du gaur. Izan ere, Athleticek Puebla hartuko du Lezaman 19.30etatik aurrera. Orain dela aste pare bat atzeratutako partida da, eta hurbiltzen diren zaletuek ez dute ordaindu beharko.
Partida garrantzitsua da gaurkoa zuri-gorrientzat, Espanyol puntu bakarrera baitute sailkapenean, eta Levante, berriz, hiru puntura. Garaipena lortuz gero, aldea nabarmen haziko luke Athleticek eta kontuan izan behar da Superliga bukatzeko zortzi jardunaldi bakarrik falta direla.
Hala ere, Athleticek tentuz ibili beharko du gaur, lehen itzulian Pueblak irabazi egin baitzion zelaian -ostean hiru puntuak bilbotarren poltsikora joan ziren Extremadurako taldeak fitxa gabeko jokalari bat erabili zuelako-. Zuri-gorriek ez dute atseden hartzeko betarik edukiko, igandean Transportes Alcainen aurka jokatuko baitute.