GARA > Idatzia > Kultura

Asteburu luzea Bilboko Kafe Antzokian

Datsuns edo Lucero

Gaur hasi eta igandera bitartean, Kafe Antzokiko oholtza gainean, Lucero-ren alt-countrya, The Datsuns-en rock zorrotza The Longwinters-ekin batera eta Eagles of Death Metal-en stonerra. Eta bihar, Atom Rhumba!

A.B. | BILBO

Gaur hasi eta igandera bitartean ez da izango atseden hartzeko betarik Kafe Antzokiko negu oparoan. Igandean Eagles of Death Metal taldea hurbilduko da bertara, Josh Hommek (QOTSA) Jesse Hughes xelebrearekin sortutako jostailu berria, «Death by Sexy» bigarren lana aurkeztera datorrena, iazko Azkena Rock jaialdian parte hartu ostean. Aurretik, The Spores kaliforniarrak. Larunbatean, berriz, Atom Rhumba bizkaitarren zuzeneko zirraragarria, «Amateur Universes» lanaren distira ekarriko diguna, Ginferno madrildarrekin batera.

Baina koka gaitezen biharkoan. Bihar, The Longwintersen popak emango dio sarrera The Datsunsen zorroztasunari. John Roderick dugu The Longwinters taldearen buru eta kantugilea. Seattleko laukoteak hirugarren lana plazaratu du berriki, «Putting the Days to Bed» melodikoa. Taldeak 2002an egin zuen debuta «The Worst You Can Do is Harm» diskoarekin. Alta, bigarrenak eman zien oihartzuna, «When I Pretend to Fall» deiturikoak. Disko berriak, 2005eko «Ultimatum» epak irekitako ildoa jarraitzen du, Rodericken hitz berezien bidez. Amerikarren ondoren Zeelanda Berriko The Datsuns igoko da eskenatokira. Cambridgeko banda ere gaztea dugu, mende hasieran sortua. Hedabide britainiarrek hasiera hasieratik goraipatu zuten taldea, eta horrek Metallica edo Marilyn Manson bezalako bandekin itzuliak egitera eraman zituen. 2002an debut homonimoa eman ondoren, «Outta Sight, Outta Mind» heldu zen 2004an, eta hirugarrena, «Smoke & Mirrors», orain.

Eta gaurkoan, Lucero taldearen estreinako bisita. Memphiskoek bosgarren diskoa ekarriko dute, «Rebels, Rogues & Sworn Brothers», basaz beteriko alt-country lan ederra.

Gaur arte tabernako banda izan da Lucero. Urteak zeramatzan errepidean eta urtero 200 kontzertutik gora eskaintzen zituen. Egun, ordea, sekulako jauzia egin dute, David Loweryk (Camper Van Beethoven, Cracker) ekoitzi eta Jim Dickinsonek (North Mississippi Allstars taldeko anaien aitak) grabatutako diskoarekin. Aipatutako guztiak, Drive By Truckers edo Wilco gustuko badituzu, zoaz Luceroren argia ezagutzera. Amerikarrekin batera izango dira, gaur Hoey & The Mussels, eta bihar HellDoradon Jon Ulecia & Cantina Bizarro iruñear taldeak.

Fitxa

Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).

Lucero eta Hoey & The Mussels: Gaur, 21.30ean. 10/12 euro.

The Datsuns eta The Longwinters: Bihar, 22.00etan. 18/20 euro.

Atom Rhumba eta Ginferno: Larunbata, 22.00etan. 10/12 euro. Eagles of Death Metal eta The Spores: Igandea, 21.00etan. 20 euro.

Ficha

Fecha: Mañana.

Lugar: Auditorio

del Kursaal

(Donostia).

Hora: 20.00 h.

Precio: 24 euros.

Información:

www.kursaal.org

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo