GARA > Idatzia > Kultura

Manga eta hip hopa

Nondik ote dator rap musikari askok ekialdeko kulturekiko sentitzen duten erakarpena? RZA, rap abeslari, musikari, aktore eta ekoizle ezagunak, hip hop munduaren estetikari itxura berria eman zion 1993. urtean, Wu-Tang Clan kolektiboaren «Enter The Wu Tang» diskoa kaleratu zuenean. Jakina da afroamerikarren artean borroka arteei buruzko filmeek arrakasta handia izan dutela, baina RZA izan zen ekialdeko borroka arteen estetika eta doinuak hip hop mundura arrakasta handienarekin eraman zituena. Ekialdeko kulturekiko duen erakarpenaren beste adibidea izan daiteke «Ghost Dog» filmari hots banda egin izana (oso gomendagarria), eta baita «Kill Bill» film arrakastatsuari ere (besteak beste). Oraingoan Japoniako manga zinema eta hip hopa uztartu ditu eta «Afro Samurai» izeneko marrazki bizidunetako filmari musika jarri dio. Lagun izan ditu rap eta r&b-ko izen ezagunak: Talib Kweli, Big Daddy Kane, Maurice, Q-Tip eta abar. Filmaren historiari dagokionez, bere aita mendekatu nahi duen samurai gazte baten abenturak kontatzen zaizkigu. Betikoa; oso ona den mutikoa oso gaiztoak diren gaiztoen aurka borrokan. Ikusgarria eta odoltsua. Bideojokoa pantaila handira eramana. Eta kezkagarria, gazteen artean norberekeria, mesfidantza eta neurri gabeko bortizkeriaren ideia zabaltzen duelako. Hobe talde lana, elkarrizketa eta errespetua bezalako baloreak bultzatuko balitu.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo