Hiru euskaltzain hilberriak omenduko dituzte gaur
GARA | BILBO
Euskaltzaindiak ageriko bilkura egingo du gaur Bilbon duen egoitzan, arratsaldeko bostetan, azken hilabeteotan hil diren hiru euskaltzainak omentzeko: Federico Barrenengoa, Gaizka Barandiaran eta Jose Maria Etxaburu Kamiñazpi.
Federico Barrenengoa (Amurrio, 1916-2005) ohorezko euskaltzaina zen, eta bere omenezko txostena Henrike Knorr euskaltzain osoak irakurriko du. Gaizka Barandiaran (Oñati, 1916-Loiola, 2006) euskaltzain urgazlearen txostena, ostera, Jose Mari Velez de Mendizabal euskaltzain urgazleak irakurriko du. Azkenik, Jose Mari Etxaburu Kamiñazpi (Ondarroa, 1913-Hondarribia, 2006) euskaltzain urgazlearena Gorka Aulestia euskaltzain urgazleak irakurriko du.
Ageriko bilkura urtarrilaren 26an egitekoa zen, baina eguraldiak errepideetan sortutako arazoak zirela-eta, omenaldia atzeratzea erabaki zuen Euskaltzaindiak.