GARA > Idatzia > Euskal Herria

Teknika zaharrak aplikatu dituzte Oiartzungo Oieleku biziberritzeko

A SPALDIKO BASOGINTZA TEKNIKAK BERRESKURATZEN ARI DIRA EGUNOTAN AIAKO HARRIA PARKE NATURALEAN, OIARTZUNGO OIELEKUN. ADITU INGELESAK ETA EUSKALDUNAK ELKARTU DIRA 200 URTETIK GORAKO PAGO MUGARRATUAK BIZIBERRITZEKO ASMOZ, BAKOITZAK BERE ERARA MOZTUTA.

Maider IANTZI

Ugari dira Euskal Herriko mendietan zuhaitz mugarratuak, bereziki pago motzak, ipurditik beharrean bi metro inguruko altueran kimatutakoak. Izan ere, forma bereziko zurezko piezak behar izaten zituzten gure arbasoek itsasontziak eraikitzeko, eta lodiegiak ez ziren adarrak egur-ikatza sortu eta txondorrak egiteko. Horretarako uzten zituzten zuhaitzak bizirik, adarrak etengabe sor zitezen eta basoko langileek 10 edo 15 urtetik behin ustiatzeko modua izan zezaten.

XX. mende erdialdean, ordea, bertze material batzuk gailendu zitzaizkion zurari ontzioletan. Egur-ikatza ekoiztetik bizitzerik ere ez zegoen jada. Hortaz, ez zuten gehiago mugarratu, eta, hazi eta loditu ahala, adar jaioberriek argimutil erraldoi itxura eman zieten zuhaitzei.

Euskal Herrian ez ezik, Europako bertze hainbat lekutan ere mugarratzen zuten. Baina Kantauri inguruan eta, batez ere, Bizkaiko Golkoko lurretan daude aspaldiko jarduera horren lekuko «hoberenak eta ugarienak», herrialde europar guztiak aztertzen aritu diren aditu ingelesen arabera. Kezkatuta daude orain basoko langile horiek, urteak pasatzen diren heinean ondare natural eta kultural hori galtzeko arriskua handitzen ari delako. Horregatik, ustiatzeko modu zaharrak berreskuratzeko eta pago mugarratuak biziberritzeko laguntza eskaini diete euskaldunei.

Britainia Handian bada zuhaitz horiei aplikatzeko tratamenduak ikasteko elkarte bat, «Ancient Tree Forum» izenekoa, milaka lagun batzen dituena, Helen Read tartean. «Zuzentzen dudan parke naturalean badira hemengoen antzeko zuhaitzak -jakinarazi zuen adituak atzo, Oiartzungo Oieleku pagadian, ingelesek eta euskaldunek eskuz esku egin zuten erakustaldian-. Bioaniztasunerako eta basoko faunarako oso garrantzitsuak direlako ari gara salbatzeko lanean».

200 urte moztu gabe

«Arazo larria dugu, zuhaitzak ez baitituzte orain dela berrehun urtetik moztu. Adar izugarriek ebaki edo kolpatu egiten dute. Euskaldunek guk lantzen ditugunen antzeko zuhaitzak dituzuen arren, arazo txikiagoa duzue, ez baita hainbeste denbora kimatzeari utzi zeniotenetik», argitu zuen Readek.

Hagitz interesgarria da basoko langile horrentzat Euskal Herrira etorri eta bertako bizilagunak eta zuhaitzak ezagutzea. Bidaia aberasgarria dela deritzo, gazte denboran basomutil edo ikazkin izandako jendearen azalpenak aditzeko eta euren teknika ikasteko aukera eman diolako. Historialariak ere ezagutu ditu; Alvaro Aragon, errate baterako. Antzinako dokumentu anitz ikertu du Aragonek, arbasoek zuhaitzekin nola lan egiten zuten jakiteko.

Bi teknikak konparatu

Bi eratara ari dira egunotan Oielekuko hamabi pago mugarratu lantzen. Behargin batzuek Migel Barriola leitzarraren aginduak betetzen dihardute, urtez urte gure basoetan egin izan den bezala mugarratzeko asmoz, eta anitz mozten ari dira. Langile ingelesak ere ari dira 200 urtetik gorako bertze zuhaitz batzuk kimatzen.

Migel Barriolak erran bezala moztuz gero, hain ebaki handiak eginez, ia beti zuhaitzak hil egiten direla erakutsi die esperientziak. Britainia Handiko hego-ekialdean klima anitzez ere idorragoa dutelako hiltzen direla pentsatzen dute, baita kutsaduraren eraginez ere.

Leitzako pago batzuk ikusi zituen iaz Helen Readek, Migel Barriolaren teknika aplikatu eta aizkoraz moztutakoak, eta ongi hazten ari direla frogatu du aurten. Hala eta guztiz ere, Aiako Harriko zuhaitzak askoz gutxiago mozten ahalegintzen ari dira ingelesak, altueraren %20 inguru kenduta. Bost edo sei urte pasatu eta gero, bertze ebaki batzuk eginen dituzte, beherago orduan, eta horrela prozesua luzatzea lortuko dute.

«Aukera paregabea dugu bi teknikak alderatzeko, desberdin ebakitzeko, modu onena zein den ikusi, ikasi, eta gero Britainia Handian ere aplikatzeko», nabarmendu zuen «Ancient Tree Forum» elkarteko kideak.

Aitari ikasia

Kandelaren euskarri itxurako pagoz betetako txoko horretan zen atzo Migel Barriola leitzarra ere, gaztea zelarik basomutil izan zena eta makina bat zuhaitz kimatu zituena. «Sokarik gabe», argitu zion GARAri arnesak soinean inguruan lanean zebiltzan lagunei begira. Eskailerak iristen ez ziren lekura igotzeko egurra bera erabiltzen zuten Migelek eta lankideek, «ez baitzen oraingo presarik izaten eta orduak ematen baikenituen beharrean». Aizkoraz aritzen ziren, trontzaz jarduteko leku gutxi izaten zelako bi edo hiru metroko altueran.

Berrogeita hamar urtetik gora izan behar ditu pagoak kimatzen hasteko. Irailean ekiten zioten mugarratzeari, sanmigelen ondotik. Bazterretako adarrak mozten zizkieten tantai itxurako zuhaitzei, enbor bakarrekoei, baina beti uzten zituzten bizirik hiruzpalau azpialdean, eta adar berriak ematen zituzten ihartu baino lehenago.

Ebakitakoa ikatza egiteko erabiltzen zuten. Egurra erdibitu eta handia zena lehertu egiten zuten. Metro eta hogei zentimetro inguruko zatiak prestatu eta mandoz garraiatzen zituzten. Ikatz egosle zen aitari ikasi zion Migelek pagoak mugarratzeko teknika, Jose Joaquin Barriolari. Hogeita hamar urte bete arte aritu zen Jose Joaquinen semea pagoak kimatzen, 1961 arte, ikazkinaren ofizioaren gainbehera ailegatu zen arte.

Oielekuko pagadiaren egoerari buruz galdetuta, ongi dagoela eta mugarratuz zuhaitz asko salbatuko dituztela ziurtatu zuen Migel Barriolak. Dagoen bezala utziz gero, pagoak lehenago hilko liratekeela iruditzen zaio, haize boladen eta elurraren eraginez. «Pisu handia hartzen dute eta ezin izaten dute halako zamarik jasan, hautsi egiten dira», azaldu zuen. Mugarratutako zuhaitzek arruntek baino anitzez ere bizitza luzeagoa dutela nabarmendu zuen orduan Migelen ondoan zen Jose Mari Aldanondok, Gipuzkoako Aldundiko Mendietako zuzendariak. 500 urte ere bizi daitezke Aldanondoren arabera.

Jende gutxik du orain lehenago hain ohikoa zen mugarratzeko teknikaren berri. Hala ere, berriro ekitea erabaki dute, gure basoak biziberritzeko. «Britainia Handian daukaten kezkarik gabe, ordea, oraindik pago motz ugari dugulako Euskal Herrian. Ingelesek ohitura berreskuratzea lortu dute nolabait, eta gauza bera erdietsi nahiko genuke hemen, gazteei mugarratzeko teknika erakutsita».

Galdutako kultura berreskuratzeaz gain, bioaniztasuna babestea dute helburu. Izan ere, onddo, liken eta ornogabe ugari bizi da zuhaitz mugarratuetan, zuloak eta hildako egurra baliabide egokiak baitira eurentzat.

Basoaren funtzioa

Bioaniztasunaren gordeleku izan arren, baztertu egin zuten teknika hori orain dela urte batzuk. Garai hartan eta gaur egun ez zaiolako gauza bera eskatzen basoari. «Ikatza egiteko egurra ematea zen lehengo funtzioa, baina orain ez dago horren beharrik eta beste modu batera aprobetxatzen dira zuhaitzak. Material ona bilatzen da, eta horretarako askoz hobeak dira zuhaitz zuzen eta lerdenak. Egur ona lortzeaz gain, bioaniztasuna babestu eta mendia aisialdirako erabiltzen da orain», adierazi zuen Aldanondok.

Eskakizun ezberdinen arteko oreka da gakoa Gipuzkoako Aldundiko Mendietako zuzendariaren aburuz. «Gune batzuk ekoizteko erabiltzen dituzte, besteak aisialdirako, eta badira bioaniztasuna babesteko baliatzen dituztenak ere».

Ingelesak eta euskaldunak egunotan kimatzen ari diren zuhaitzak nola garatzen diren aztertzea da helburua, azkarrago eta indartsuago zein hazten den ikustea, horrela jakinen baitute zein teknika aplikatu gure basoen mesederako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo