GARA > Idatzia > Ikusmira

Neurri zehatzat eta zabalak

Josebe EGIA

Ez da lehen aldia txoko honetan anorexia eta bulimia aipatuko ditudanak. Ezta publizitatearen munduak etengabe transmititzen dituen edertasun irudi faltsu eta irrealak ere. Ezta modaren munduak eta dendetako arropen neurriak emakumeongan sorrarazten dituzten gatazkak eta intseguritateak ere.

Baina gaur, emakumeok esklabo bihurtzen gaituzten eta duintasuna mugatzen diguten arazo horietan arreta jartzeaz gain, azkenaldian ematen ari diren aurrerapausoen berri eman nahiko nuke, bidea hori dela nabarmentzeko asmoz.

Batetik, Estatu espainoleko osasun ministerioa eta oihalgintzan aritzen direnak akordio batera ailegatu dira arropen neurriek bat egin dezaten. Honen helburua, nagusiki, osasuntsua den irudi bat sustatzea da. Edertasuna bai -estereotipoetatik at- eta osasuna ere bai, alegia. Horretarako, ikerketa zabal bat egiten ari dira emakumearen gorputz neurri ohikoenak zeintzuk diren ezagutzeko helburuarekin. Ondoren, enpresek 18 hilabeteko epea izango dute moldatzeko. Horretaz gain, fabrikatzaileek konpromisoa hartu dute bost urtean erakusleihoetako manikiak aldatzeko eta 46 neurria normalaren barruan sartzeko, horrela «berezia» izateari utz diezaion. «Berezia» ondo dakigu emakumeok zer esan nahi duen: lodientzat. Eta ondotxo jakin ere horrek zer dakarren: konplexuak, janariarekin harreman traumatikoak, era guztietako dietei ekitea, autoestima baxua...

Bestetik, hor dauzkagu Cibeles pasarelan hartu diren erabakiak ager daitezkeen modeloak onartzeko garaian. Erabakiok polemika sortu duten arren, antolatzaileek tinko eutsi diete eta egun errealitatea da gaixoak diruditen modeloen baztertzea. Txalogarria da halako garrantzia daukan eta ospetsua den ekitaldi batek jendartearen aurrean argi eta garbi erakutsi nahi izatea ez duela «edertasunaren» kontzeptu hori bultzatzen eta saltzen jarraituko.

Halako neurriek eta erabakiek, zehatzak, eta zabalak hainbat sektore inplikatzen dituen heinean, anorexia eta bulimia bezalako gaitzen aurka egitea dute helburu. Arazoaren erroari eta bertan dauden aspektu ezberdinei so eginez, ez dagoeneko gaixo dagoenari tratamendu medikoa soilik eskainiz, orain arte bezala. Izan ere, ez jatearen edo jandakoa botatzearen azpian, pertsona horren psikeak bereganatu eta transformatu dituen milaka irudi daude, milaka kontzeptu eta balore etengabe xurgatutakoak; modaren bitartez, publizitatearen bitartez, telebista, zinea... Bada garaia bakoitzak bere erantzunkizuna onar dezan eta neurriak har ditzan ondorioak bestelakoak izan daitezen.

Eta horixe esan nahiko nieke, bide batez, Miss España antolatzen dutenei. Nire ustez halako ekitaldiek emakumeon gauza-bihurtzea besterik ez badakarte ere, ama izateagatik emakume bat baztertzearekin jendarteari erakusten diotenari buruz pentsatu beharko lukete: diskriminazio hutsa. Egia esan, lehiaketa hori bertan behera uzteak oro har ekarriko lituzkeen ondorio mesedegarriak hausnartu beharko lituzkete, zuzenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo