Mikel Aramendi Kazetaria
Irismena zifra hutsala ez denean
Ba ote da munduan bere burua seriotzat duen egunkaririk iragan astean, behin edo gehiagotan, Iranen eginahala nuklearren auzia lehen orrialdean argitaratu ez duenik? Aldiz, apustu egingo nuke batek baino gehiagok egunero aipatu duela gorabehera hori bere azalekoan. Gaurkotasunak halaxe agintzen du eta.
Inork ez zuen ikusiko, ordea, Mendebaldeko ingurumari hauetan behintzat, bere egunkarian albiste horren bikia baino gehiago anaia nagusia izan daitekeena: Pakistango iturri militarrek jakinarazi dute arestian arrakasta osoz burutu dutela Hatf VI.a edo Shaheen II.a deitu misilaren bertsio berri baten sutze-froga, argitara ematen ez den leku batean. Duela bi urte lehendabizikoz, eta iaz berriro frogatu zuten misil horrek buru nuklearra eramateko gaitasuna duela eta 2.000 kilometroko irismena, iturri beroien arabera...
Inorentzat oso kezkagarria ez dela izan dirudien berri hori jaso duenak India eta Pakistanen arteko tirabirei begiratuko zien, noski. Eta zuzena da burutazioa. Pakistanen auzi estrategiko nagusia, Indiarekiko kontraesanetan datza, eta horrexek esplikatzen du pakistandarren arma ugalketa. Geografiak behartuta, bere lurralde osoa indiarren irismen laburreko misil nahiz hegazkinen eskura geratzen zaionez, irismen ertaineko misilak garatzen ari da Pakistan, bere bonba atomiko lortu berrien disuasioa «baliarazteko». Hau da, haiekin Indiako edozein gune estrategiko edo hiri jotzeko gai dela erakusteko. Horri gehitu behar zaio, duela hiruzpalau urtez geroztik, pakistandarren «dotrina nuklearrak» duen berezitasun aitortua: eraso konbentzionala nozituko balu, Pakistanek ez du baztertzen halakori erantzun nuklearra ematea, hau da, gatazka batean arma atomikoak erabiltzen lehena izatea. Beste potentzia nuklear guztiek, hitzez bederen, ezeztatzen duten zerbait.
Gauzak honela, misilen irismena zifra erabakigarria bihurtzen da zinez. Indiarren erretagoardia, Assamen edo Bengalako golkoan jo ahal izateko, 2.500-3.000 kilometroko irismena behar dute pakistandarrek. Horretan ari dira. Berez, uste da Hatf VI.a horren irismena 2.500 km ingurukoa dela, eta ez ofizialki aitortzen zaizkion 2.000 kilometrokoa.
Arazoaren bihurrikeria da 2.500 kilometro horiexek direla ere bai Pakistan mendebaldetik Tel Aviveraino daudenak. Beraz, norbait ez da egongo dirudien bezain lasai.