GARA > Idatzia > Kirolak

Alaves Ametsak hamar puntura jarraitzen du

Igoerarako hiru aurkari nagusiak jarraian datozkio

Murtzia hartuko du larunbatean Mendizorrotzan, eta atzo Herculesi irabazi zion hark; gero Alavesek Almeriara egin beharko du bisita, eta Cadizkoena jasoko du

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Atzo etxean azken unean Xerezek bi puntu kendu zizkion arren, Valladolid harrapatzeak -18 puntura dago- ezinezkoa dirudi -Interneten aritzen diren etxeetako batek dagoeneko ez du apustu gehiagorik onartzen, eta Mendilibarrenen igoera egintzat ematen du-. Horregatik, geratzen diren beste bi postuetarako borrokan dituen beste hiru kontrario nagusien aurka jokatu beharko du Alavesek datozen asteetan.

Murtzia, Almeria eta Cadiz, gasteiztarren hurrengo aurkariak erakusten ari diren sendotasunak oso arriskutsu bihurtzen dituen arren, Alavesentzat egoera bikaina da zirt edo zart egiteko, eta hamar puntuko aldea jan behar du. Izan ere, bestelako taldeen aurka jokatuta, aldeak murriztea askoz ere zaila- goa da, aste honetan gertatu den bezala, gainerakoak ere hiru puntuak eskuratzeko gai badira.

Gertatu direnak gertatuta ezinezkoa dirudien arren, Alaves denboraldiko unerik onenetako batean dago. Hirugarren aldiz bi garaipen lortu ditu jarraian, eta horri probetxua atera beharko lioke, orain arte emandako aldea handia baita.

Murtzia, 13 puntura

Denbora tarte erabakigarri honetan lehen aurkaria Murtzia izango du Alavesek larunbatean, Mendizorrotzan. Lehen Mailan egoteko egindako apustu handia ondo ari zaio irteten Jesus Samperri, eta Alcarazen eskutik, oso talde sendoa osatu dute. Atzo Herculesi 3-1 irabazi zioten nahiko eroso, eta hamahiru puntuko aldea kentzen diote Alavesi; hau da, aste honetan garaipena eskuratuta ere, lau partidaren aldea.

Toni Moralekin, baina Coromina eta Wellington Paulistarik gabe jokatu beharreko partida hau aurrera ateratzeko gai izango balitz, indarrez gainezka ekingo lioke oraintxe igoerako azken postuan den Almeriari egin beharreko bisitari. Majo sufritu arren, Castelloni 2-1 irabazi zioten larunbatean, eta hamar puntura dago Unai Emeryk zuzendutako taldea.

Epe erabakigarri horri, orain arte igoera postuetan izan diren hiru taldeei alternatibarik sendoena dirudien Cadizen aurka jokatuta emango dio bukaera Alavesek. Denboraldian arazo ugari izan ondoren, andaluziarrek burua altxatu dute, eta sei puntu kentzen dizkiote Alavesi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo