GARA > Idatzia > Kirolak

Urrezko Aizkora Binakako finala

Nazabal-Lopezek bosgarren proban erabaki zuten

Galdu arren, Joxejuan Barberenak eta Donato Larretxeak ere lan ona egin zuten

Jon LEUNDA | AZPEITIA

Ez zen ezusterik izan, eta Floren Nazabalek eta Juanjo Lopezek irabazi zuten atzo Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa, Joxejuan Barberena eta Donato Larretxea mendean hartuta. Sarrera bikaina izan zuen Izarraitz pilotalekuak. Dirua txapeldunen alde atera zen.

Saio estua izan zen, eta ia amaierara bitarte ez zen erabaki. Bosgarren lana izan zen finaleko auzia erabaki zuena. Hasteko, 45 ontzakoa erdibitu behar izan zuten, ahalik eta kolperik gutxienean. Biko bakoitzean, aizkolari bakoitzak enborraren alde bat moztu behar izan zuen. 33 kolpetan erdibitu zuten Larretxeak eta Barberenak; Etxarrikoak eta Lezaungoak, berriz, hiru kolpe gehiago behar izan zituzten.

Bigarren lanean, bi 45 ontzako etzanda erlojuz kontra erdibitu behar zituzten, eta biko bakoitzetik, aizkolari bakoitzak enbor bat moztu behar zuen. Nazabalek eta Lopezek irabazi zuten. 1.26 izan zen haien denbora; eta aurkariena, berriz, 1.39.

Hirugarren lana zen aizkolarien artean beldurrik handien sortzen zuena. Bikoek, txanda librean, 86 ontzako enborra moztu behar zuten zutik. Horrek, ordea, ez zuen ezer erabaki, segundo bakar bateko tartea bakarrik egon baitzen. 4.48 izan zen Nazabalen eta Lopezen denbora, eta segundo bat gehiago behar izan zuten aurkariek.

Bosgarren lanak erabaki zuen

Laugarren lanean, oinbiko bat moztu behar zuten txanda librean, eta berriro ere Lezaungoa eta Etxarrikoa nagusitu ziren. 2.37 izan zen haien denbora, eta 2.41, aurkariena. Azken-aurreko lanak erabaki zuen finala Larretxea eta Barberena ez baitziren batere ongi aritu, eta han galdutako tartea errekuperatzea ezinezkoa izan zitzaien. Hor kana-erdiko bat zutik, eta bestea etzanda moztu behar zuten, eta biko bakoitzetik, aizkolari bakoitzak enbor bat moztu behar zuen. 2.27 izan zen gero txapela jantziko zuen bikoaren denbora, eta 2.52 Barberenaren eta Larretxearen denbora.

40 segundo pasako aldearekin heldu ziren azkeneko saiora. Finala erabat erabakitzeko zegoen, baina garbi zegoen oso zaila izango zela Nazabali eta Lopezi txapelak ihes egitea, eta horrela gertatu zen. Finala amaitzeko, biko bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituzten. Larretxeak eta Barberenak gogor ekin zioten lanari, baina inoiz ezin izan zuten ihes egin. Proba hori irabazi zuten; txapela ez, ordea. 13.20 izan zen haien denbora; eta 13.33, berriz, aurkariena. Lan guztiak amaitzeko, 26 minutu eta 27 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Lopezek; 26 minutu eta 59 segundo, berriz, Larretxeak eta Barberenak.

Amaieran, oso gustura zegoen Floren Nazabal; izan ere, lesio asko izan ditu azkenaldian, eta berriro ere garaipenen bidera itzuli baitzen: «Txapelak irabaztea beti gustagarria izaten da. Uste dut final estua izan dela. Alde dezentearekin heldu gara azkeneko saiora, eta denen beharra izan dugu».

Askoren ustez, zutikako enbor handiak erabakiko omen zuen finala, baina hark ez zuela ezer erabaki onartu zuen: «Banekien huts handi samarra egin ezean hark ez zuela erabakiko, eta horrela izan da. Gero, amaierara, alde nabarmenarekin heldu gara, eta horrek kontrolatzen uzten du, eta errazago eraman ahal izan dugu».

Izandako lesioek nahiko lasai uzten zutela esan zuen. «Orain nahiko ongi nabil, baina asko estutuz gero, gerrian izandako arazoa non izan zen ederki nabaritzen dut», adierazi zuen Etxarrikoak.

Joxejuan Barberenak beste aldeko aurpegia erakusten zuen, finala galdu baitzuen. Berueteko aizkolari beteranoak garbi zeukan non galdu zuen finala. «Azkeneko saiora 40 segundo atzetik heldu gara, eta garbi geneukan horien aurka ez geneukala ezer egiterik, haiek oso ongi aritu baitira. Guk bosgarren proban galdu dugu. Han tarte handia kendu digute, eta hura berreskuratzea oso zaila zen», aitortu zuen.

Zutikakoa

Zutika jarrita moztu behar zuten enbor handiarekin beldur dezentea agertu zuten aizkolariek finalaren aurretik, baina amaieran hark ez zuen ezer erabaki, bi bikoen artean segundo bakar bateko tartea besterik ez baitzen egon.

Aldape-Atutxa, gazteetan nagusi

23 urtez azpikoen finalean ere ez zen ezusterik izan, eta Atutxa II.ak eta Aldapek eraman zuten txapela, nahiz eta Rekondok eta Eratsunek ia ezusteko dezentea eman zuten.

Bizkaitarrak oso gaizki aritu ziren zutikako enborretan, eta finala irabazteko oso aukera gutxirekin heldu ziren azkeneko probara; izan ere, 40 segundo pasako aldea baitzuten nafarrek. Atutxak eta Aldapek lan handia egin zuten, eta zortea ere izan zuten alde, Eratsunek enborra ia moztua zuenean, apurtu egin baitzitzaion, eta azkeneko zatia erdibitzen denbora dezente pasatu zuen. Han egin zien ihes txapelak.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu abiatu zen gazteen finala ere, eta bi bikoek 35 kolpetan erdibitu zuten. Bigarren lanean, bi 45 ontzako erlojuz kontra moztu behar izan zituzten, eta han bizkaitarrak hobeak izan ziren. Atutxak eta Aldapek minutu bat eta 38 segundotan bota zituzten bi enborrak; nafarrek, berriz, zazpi segundo gehiago behar izan zituzten.

Hirugarren lanean, zutik kana-erdiko bat moztu behar izan zuten, eta garbi ikusi zen gero txapela jantzi zuen bikoarentzat ez zela lanik egokiena. Eratsunek eta Rekondok irabazi zuten. 2.16 izan zen haien denbora, eta 3.05 Atutxa eta Aldaperena.

Bizkaitarrek denbora handia berreskuratu zuten laugarrenean. Oinbikoa moztu behar zuten txanda librean, eta 2.53 izan zen haien denbora, eta 3.14 aurkariena. Bosgarrenean berriro ere asko galdu zuten. 36 ontzako bat zutik eta bestea etzanda zituzten, eta nafarrek 1.26n bota zituzten, eta bizkaitarrek 1.44n. Txanda libreko azkeneko saioan, minutu bat atera zieten Atutxak eta Aldapek eta horrek erabaki zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo