GAUNAS
Eibarrek azken minutuan berreskuratu zuen bere puntua
GARA | LOGROÑO
Txapeldunen zortea edo justizia, baina Eibarrek partidako azken minutuan berreskuratu zuen etxetik «eramandako» puntua. 92. minutuan aurreratu zen Logroñes, eta gorri-urdinek hutsean geratu behar zutela zirudienean, Fagoagak berdin- ketaren gola sartu zuen.
Pozik, beraz, eibartarrak, azken uneko puntu horrek oso zapore ona utzi zuelako, baina, bestetik, aukera on bat galdu zutela esan daiteke. Izan ere, liderrak krisian jarraitzen duela dirudi; atzo 4-0 galdu zuen -Ipurua datorren igandean bisitatuko duen taldearen aurka; Guijuelo, hain zuzen ere-, eta Eibarrek Gaunasen irabazi izanez gero, gaur egun lehen postuan egongo litzateke.
Asmo horrekin heldu ziren gorri-urdinak Logroñora. Bi aste lehenago Luancon gertatutakoa gogoratu, eta iniziatiba Javier Mandiolaren gizonen eskuetan egon zen hasiera-hasieratik. Jabetza eta nagusitasuna kanpokoena izan arren, gol aukerak ate bietan txandakatu ziren. Eibarren aldetik, Urzelai eta Altuna saiatu ziren; Nacho Francok eta Luismi Lorok, bestetik, aukera garbiak izan zituzten.
Norgehiagokak antzeko ildotik jarraitu zuen bigarren zatiko lehen minutuetan. Baina, gutxinaka, etxekoen jokoa Eibarrenarekin parekatu zuen. Eta gol aukerak, berriro, talde biek izan zituzten. Garbienak, Logroñesen aldetik, Alberto Alejandrorenak izan ziren: lehengoa Zigorrek, adi, desegin egin zuen eta bigarrena Fagoagak atera behar izan zuen gol lerroaren gainetik. Eibarren erantzuna Altunaren burutik heldu zen, eta zutoinean jo zuen erremateak.
Emozioa
Denbora aurrera joan ahala bazirudien partida golik gabe amaituko zela. Baina punteria deskontuan agertu zen.
92. minutuan, Cristian bakarrik geratu zen Zigorren aurrean, eta erabatekoa zirudien gola egin zuen. Baina Eibarrek etsi-etsian jo zuen gorantz, eta, azken minutuan saria lortu zuen, Fagoagak lortutako golari esker.