GARA > Idatzia > Kultura

«Aktoreekin lan egitea izan da gustukoena; haiek kontatzen dute istorioa"

Alberto J. GORRITIBEREA

«Eutsi!» filmaren zuzendaria

«Aupa Etxebeste» eta «Kutsidazu bidea, Ixabel» lanen ondoren, datorren hilabetean beste pelikula bat estreinatuko dute euskaraz. «Eutsi!» Alberto J. Gorritibereak (Gasteiz, 1970) zuzendu du. Zumaian bizi den zinemagile horrek Madrilen ikasi zuen, eta hainbat film labur, publizitate eta telebistarako lan egin ditu aurretik. «Eutsi» da zinemarako filmatu duen lehenengo film luzea.

Karolina ALMAGIA | BILBO

Kepa eta Martin haurtzaroko lagun minak dira, txirrindularitzaren zaleak. Beren enpresa beste nonbaitera eramango dute, eta, lanik gabe geratzeko zorian daudela, erabaki bat hartuko dute: protestak Frantziako Tourrera eramatea. Hor abiatzen da «Eutsi» filmaren argudioa. Anjel Alkain, Asier Hormaza eta Oihana Maritorena dira protagonista, eta Bingen Mendizabalek egin du musika. Martxoaren 9an helduko da zinema aretoetara. Alberto Gorritibereak «Eutsi!»ren prozesuari buruz hitz egin digu.

Zure lehen lana da. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso polita eta aberasgarria. Oso konplikatua izan da; azken finean, diru gutxiko aurrekontua du, eta pelikula bat osatzeak asko eskatzen du. Horrek langile guztiok konplizitatearekin lan egitera behartu gaitu.

Unai Iturriagarekin batera idatzi zenuen gidoia. Nolakoa izan zen prozesua?

Baleuko produktoreak ideia bat zeukan, eta, enkarguz, horrekin biok elkartu ginen gidoia osatzeko. Ez genuen elkar ezagutzen, baina oso argi ikusi genuen nondik jo eta zer nahi genuen. Denbora oso gutxian eta oso gustura idatzi genuen.

Umorezko film bat da?

Nire ustez, ez. Nik ez nuke esango komedia bat denik. Drama ere bada, «road-movie» ere bai. Pertsonaien istorio bat da, azken finean; eta pertsonaia horietako batzuen egoerek umorera jotzen dute.

Anjel Alkain, Asier Hormaza, Nagore Aranburu..., telebistan umorea egiten duten aktoreak aukeratu dituzue. Jendeak ideia erratu bat egin al du aktore-zerrenda horrekin?

«Wazemank»en daukan erregistro oso desberdinean agertzen da Alkain pelikula honetan. Eta Nagore Aranburuk egiten duen papera umoretik oso aldenduta dago. Gero beste batzu ere badaude: Jokin Oregi, Kandido Uranga, Iñaki Rikarte..., Filmak ez dauka zer ikusirik telebistan egiten diren umorezko saio horiekin.

Zer moduz eraman duzu aktoreen gidaritza-lana?

Gustukoena izan da. Aktore hauekin lan egitea oso aberasgarria da. Batzuk oso teknikoak dira; beste batzuk, oso intuitiboak. Desberdinak dira denak, baina asko ikasi dut haiekin. Nire ustez, pelikula honen puntu onenetariko bat aktoreen lana da. Azkenean, istorioak pertsonaiek kontatzen dituzte, eta gure begirada ere pertsonaietan egoten da.

Euskaraz filmatu duzue. Aparteko zailtasunik izan al duzue?

Ez, oso modu naturalean joan da. Zinemak euskarazko istorio bat behar zuen. Kalean euskaraz hitz egiten da, eta zineman ere euskara normalizatu behar da. Filmatzean, bazeuden batzuk euskaraz ez zekitenak, baina denek ulertu dugu elkar.

Non eta zer baldintzatan estreinatuko da? Euskaraz egoteak banaketa mugatuko du?

Euskal Herrian estreinatuko da euskaraz, erdarazko azpitituluekin. Mementoz, ez dugu egingo erdarazko bertsiorik. Gure asmoa kanpoan ere jatorrizko bertsioa estreinatzea da. Horretaz gainera, saltzeko eta zabaltzeko bikoiztu egin behar bada, ez dugu baztertzen, hor dago merkatua.

Hau da hiru urtean estreinatzen den hirugarren euskarazko filma. Zer esan nahi du horrek?

Ez dakit zer esan nahi duen, baina nik, ikus-entzule izanik ere, gustura hartzen dut albistea. Oso ondo dago.

Musika Bingen Mendizabalek egin du. Presentzia handia dauka filmean, ezta?

Zoragarria izan da Bingenen lana eta inplikazioa. Minutu gutxitan asko lortzen du.

Zer tonu eman nahi izan diozu filmari?

Badauka drama sozial puntu bat, baina beste batzuetan umorezko tonua hartzen du. Gaurko istorio bat da. Gatazkan pertsonaia batzuk nola bizi diren kontatzen du. Tonu on batean zerbait garrantzitsua kontatzen da. Baina ez nuke nahi generoetan sartu, ez dut sailkatu nahi.

Euskaraz

«Euskal Herriko zinema aretoetan euskaraz estreinatuko dute, erdarazko azpitituluekin. Gure asmoa kanpoan ere jatorrizko bertsioa estreinatzea da»

umorea

«Nik ez nuke esango komedia bat dela. Drama sozial puntu bat dauka, eta `road-movie'a ere bada. Pertsonaien istorio bat da, eta batzuetan umorera jotzen du»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo