GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskolak euskalduntzearen alde, protesta zaratatsua Donostian

Donostiako kaleak hartu zituen atzo eskolak euskalduntzeko premia aldarrikatzeko egindako protesta ekitaldiak. Eskolak Euskaldundu ekimenak deituta, Lakuako Gobernuaren ordezkaritzaraino joan ziren zarata egiten. Eskaera zehatza zuten: herritarrek euskaldunduko duen eredu bakarraren alde eginiko apustua aintzat har dezatela.

Maider EIZMENDI

Eskolak Euskaldundu ekimenak deituta, dozenaka lagunek protesta zaratatsua egin zuten atzo eguerdian Donostiako Bulebarretik Lakuako Gobernuak hiriburuan duen ordezkaritzaraino.

Hamabietarako zegoen deitua ekimena, baina euria gogor ari zuen ordu horretan, eta horregatik, parte-hartzaileek apur bat itxarotea erabaki zuten. Hala eta guztiz ere, herritarrak eta bisitariak laster batean konturatu ziren manifestariak abiatu zirela. Txilibituak, jostailuzko tronpetak, karrakak... edozerk balio zuen zarata egiteko. Protesta ekitaldian parte hartu zuten haurrek, gainera, aupegiak margotu zituzten, eta globoak eskuan zituztela egin zuten Lakuako Gobernuaren ordezkaritzarainoko bidea. Protestaren aurreko aldean, berriz, «Garaia delako, bai eskolak euskalduntzerari» zioen parkarta batek.

Lakuako Gobernuaren bulegoetara iritsita ere minutu askoan jardun zuten protesta zaratsua egiten. Amaieran, berriz, ekimeneko kideek hartu zuten hitza. Gogorarazi zutenez, azken egunetan eskualdez eskualde hainbat eragilek osatzen duten Eskolak Euskal- dundu ekimena egiten ari den protestetako bat zen atzokoa, eta horrekin bat egin zuten EHEk, LABek, IAk, Sortzen Ikasbatuaz-ek, AEK-k, EHBEk eta Batzen-ek.

Alain Urizar Eskolak Euskaldundu ekimeneko kideak adierazi zuenez, protesta ekitaldi honen eta egun hauetan beste hainbat eskualdetan egiten ari direnen oinarrian dago Bai Eskolak Euskalduntzeari! iniziatibaren bitartez iaz egindako sinadura bilketa. «Babes handia lortu genuen, ia 110.00o sinadura batuta. Baina administrazioen erantzuna negatiboa izan zen oso. Lakuako Gobernua batu ere ez da egin gurekin; Nafarroako Gobernuak, berriz, teknikari bat bidali zuen bileretara, eta Iparraldean Euskararen Erakunde Publikoarekin batu ginen eta eurek esaten zuten Frantzian euskara ez dela ofiziala eta, beraz, ez dutela haintzat hartzen gisa honetako eskaerarik», argitu zuen Urizarrek.

Alde horretatik, eta «herri honetako gehiengo batek» euskaldunduko duen eredu bakar baten alde egin zuela eta eskaera aintzat hartzen ez dutela ikusirik, protesta egitea premiazko jo zuen Urizarrek. Datorren deialdia heldu den ostiralean izango da. Bilbon haurrentzako jaia eta kalejira izatekoak dira; eta Iruñean, berriz, manifestazioa. Halaber, ekimeneko kideek datorren martxoaren 10ean Donostian egingo duten ekitaldi nagusia gogora ekarri zuten, eta protestan parte hartu zutenei bertaratzeko deialdia egin zieten.

"Isilpean ari da Hezkuntza ereduen eztabaida garatzen"

Ekimeneko kideek laster Lakuako Gobernuak Hezkuntza ereduen gaineko eztabaida egingo duela gogorarazi zuten. «Eztabaida garrantzitsu hau isilpean egiten ari da ez duelako nahi euskalgintzak bere presioa egitea irakaskuntza euskaldunduko duen D eredu bakar bat egoteko irakaskuntzan», kritikatu zuten. Euren esanetan, hezkuntza ereduen afera gizarte osoa arduratzen duen gaia da, eta horregatik, sindikatuak, alderdi politikoak eta hezkuntza alorrean lan egiten duten eragileak barneratuko lituzkeen gizarte eztabaida bat oinarrizko jo zuten. «Argi dago jendea euskararen alde dagoela, eta bere iritzia jasoz gero, hartu nahi ez dituzten erabaki batzuk hartzera behartuak egongo lirateke», gaineratu zuten.

M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo