GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ongietorri beroa egin diote Hernanin Alberto Rey, "Beto", preso ohiari

GARA

Ehunka lagunek egin zion ongietorria Alberto Rey, Beto, preso ohiari atzo, Hernanin. Jaiotzez bilbotarra bada ere, urte asko bizi izan da Rey Gipuzkoako herri horretan, eta bizilagunek 2002ko urtarrilaz geroztik Estatu frantsesean preso egon den herrikideari ongietorria egin nahi izan zioten.

Txalaparta hotsek abian jarri zuten ekitaldia, eta bertan gogorarazi zuten preso ohia bakarturik egon dela espetxealdian sarritan.

Herriko taldeetako ordezkariak taularatu ziren ondoren, herrikideari opariak emateko, eta bertan batu ziren ere bai herriko presoen eta iheslarien senideak.

Preso ohiak hitza hartu zuen, eta gogoan izan zituen kartzelan jarraitzen duten lagunak. Era berean, preso egon den bitartean aldaketak gertatu direla adierazi zuen, baina oraindik ere bere horretan jarraitzen duten gauzak badirela aipatu eta larunbatean Bilbon izandako liskarrak jarri zituen adibidetzat. Ekitaldia amaitzeko, herriko hainbat gaztek aurreskua dantzatu zioten.

Ongietorria amaitu ostean, herriko kaleetan zehar manifestazioa egin zuten, eta presoaren irudia kendu zuten herriko presoen argazkien artetik.

Ostiralean, berriz, Bilboko Indautxu auzoan egin zioten ongietorria preso bilbotarrari.

Ehun bat lagun batu ziren Joseba Asensioren Txokoan. Bertan ekitaldi xumea egin zuten. Auzoko beste preso ohi batek, Javi Canok Canito-k, txapela eman zion, eta kartzelan dagoen Aitor Fernandez auzotarrak idatzitako gutuna irakurri zioten.

Ondoren, Kirruli kultur elkartean 50 lagun inguru bildu zituen afaria egin zuten, eta bertan hainbat opari eman zizkioten Beto-ri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo