Iratxe Esnaola Arribillaga Informatikan ingeniaria
Windows vista: itsu-mutu-gor
Bost urte pasa dira Windows-en azken bertsioa kaleratu zenetik. Orain, bi urteko atzerapenarekin eta agindutako hamaika ezaugarriren faltan, eguneraketa bat dakarkigu Microsoft-ek: Windows Vista sistema eragilea. Azaroaren 30ean kaleratu zen ofizialki enpresentzako garatutako bertsioa, eta bi hilabete geroago, urtarrilaren 30ean, erabiltzaileena.
Eguneraketaren inguruan jendartera zabaldutako ezaugarri nagusiak segurtasuna eta estetika aldaketa izan dira. Baina Windows Vista hori baino gehiago da. Windows Vistak itsu, mutu eta gor uzten gaitu. Eta Microsoft bera ere erabiltzaileekiko itsu, mutu eta gor azaldu da.
Windows Vistaren funtzionamenduaren aurrean Microsoft-ek itsu mantentzen gaitu. Itsu eta preso. Inork ez daki zer egiten duen, ez nola egiten duen. Windows Vista garapen itxiko sistema eragilea da, Microsoft-en gainontzeko eskaintzak bezalaxe. Baina kode itxia baino haratago doa. Windows Vistak aurreko bertsioek ez zituzten eta erabiltzailearen eskubideen eta askatasunaren aurkako eraso garbi eta zuzena adierazten duten ezaugarriak biltzen ditu bere baitan. Itsu mantentzen gaitu [edo mantendu nahi gaitu], monopolioa eskutan izateak eta erabiltzaileen menpekotasunak Microsoft bera itsutzen duelako.
Microsoft eta Windows Vista mutu plazaratu zaizkigu. Sistema eragilearen inguruko datuak eman dituzte, baina ez dute aldaketa garrantzitsuenek adierazten duten guztia argi azaldu. Windows Vista kopien aurkako eta edukiak blokeatzeko sistemez josia dago. Zinearen eta musikaren munduko multinazionalekin, eta SGAEren [Egile eta Editoreen Elkartea] gisako lapurren erakundeekin hitzartutako baldintzak ditu oinarri. Erakunde hauek egindako presioaren emaitza ei da Windows Vista. Eta pirateria desagerraraztea, horixe aitzakia.
Aitzakia horren pean, «legalki» erosten ditugun edukiak ere [alegia, Internetik jaisten ez ditugun edukiak] ezingo ditugu kopiatu. Ezingo dugu dendan erositako Ruperren «Memoriaren mapan» diskoa grabatu kotxean entzuteko. Ez eta MP3 erreproduzitzailean sartu korrika egitera joaten garenean entzuteko. Berdin internetetik jaitsitako edukiekin. Halaber, kasu asko eta askotan ezingo dugu gure ordenagailuan guk geuk erositako filmik ikusi. Eta are gehiago. Ezingo dugu guk geuk erositako filmik ikusi Microsoft-ek eta edukien ekoizleek baimendutako erreproduzitzaile bat erabiltzen ez badugu. Saiatzen bagara, eta ikustekotan, kalitate eskasean ikusi ahal izango dugu. Kopien kontrako sistema horri guztiari DRM deitzen zaio [Digital Rights Management, Eskubide Digitalen Kudeaketa], eta Windows Vistaren oinarrizko programazioan integratua dator. Multinazionalek beraientzako diru eta botere galera dena errotik hartu nahi izan dute, ordenagailuaren sistema eragilearen eskutan utziz erreproduzitu eta kopiatzeko aukera eta eskubide guztiak. DRMk mutu uzten gaitu eta, adierazten duen ankerkeria ikusita, badaezpada, Microsoft bera ere ez da berritsu aritu gai honen inguruan.
Windows Vistak erabiltzaileek eskatu ez dituzten ezaugarri mordoxka bat biltzen ditu. Windows Vistak zer eta nola egin definitzen diguten teknologiak inposatzen dizkigu; zer erosi eta zer ez; zein teknologia erabili eta zein ez. Windows Vista enpresa jakin batzuen esanetara, beharretara eta nahietara zuzendutako produktu zentzugabea da. Dena esku berberetatik dator: bai zinearen eta musikaren munduko edukiak, baita eduki hauek kontsumitzeko makinak ere. Beraiek esaten digute zer ikusi, eta nola eta non ikusi. Orain Microsoft-ekin hitzarmena sinatu dute, eta ordenagailuen eremua kontrolatu nahi dute. Ustezko enpresa-askatasuna erabili dute erabiltzaileon aukeratzeko eskubidea zapaltzeko. Ordenagailu pertsonalek arrakasta izan bazuten, norberak nahi zuena hautatzeko aukera eskaintzen zuelako izan zen. Windows Vistarekin, hardwareak [programak ez diren beste guztia] diseinuaren inguruko arau zehatz batzuk bete beharko ditu, eta erosi ahal izango duguna ere mugatu egin nahi digute. Ez dituzte erabiltzaileen beharrak entzuten. Gero eta eduki gehiago deskargatzen dira Internetetik, eta, beraz, erabiltzaileen berezko eboluzioaren aurka doaz. Eta bakarrik geldituko dira. Edo hobeto: bakarrik utzi behar ditugu.
Gero eta argiago dago. Informatikaren munduan bi fronte nabarmen ezberdintzen dira: erabiltzaileak kontrolpean izan nahi dituzten enpresen frontea, eta erabiltzaileen eskubideak defendatzen dituen filosofia teknologikoa. Menpekotasuna edo askatasuna. Produktua edo lankidetza eredua. Enpresa edo komunitatea. Software jabeduna edo librea.
Askok eta askok Microsft-en azken sistema eragilea izango dela diote. Hala izan bedi. Funtzionatzen ez badu, urtebete barru edo, XPren laguntza teknikoa eskaintzeari utziko diote, migrazioa behartze aldera. Windows Vistarena ondo ateratzen bazaie, hurrengo erasoa software librearen aurkakoa izan daiteke. Eta horregatik gelditu egin behar dugu. Windows Vistaren arrakasta ez du bere eraginkortasun eta potentziak bakarrik determinatuko. Soluziorik eraginkorrena eguneraketarik ez egitea eta erosi behar dugun ordenagailu berrian Windows Vista aurrez eta seriean ez jartzea exijitzea da. Ez aldatu, inondik ere. Zaudenean mantendu edo behingoagatik teknologia eta kultura librearen aldeko hautua egin: software librearen eremuan ez baita pirateria existitzen.