GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko Maila

Esnatzeko garaia heldu zaie Getxori eta Bera Berari

Bizkaitarrak Liceo Frances taldearen zelaian arituko dira, eta gipuzkoarrak, Madrilen zelaian

Jon LEUNDA |

Spyro Bera Berak eta Getxok gogor ekin beharko diete hemendik aurrera geratzen zaizkien partidei, mailari eutsi nahi baldin badiote. Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak denboraldi oso kaskarra egiten ari dira, eta dezente hobetu beharko dute orain arte egindako lana.

Getxok joan den astean garaipen handia lortu zuen, eta horri jarraipena eman beharko dio, bestela alferrik izango da. Badirudi entrenatzaile aldaketak on egin diola. Izan ere, azkeneko jardunaldian aurreko partidetan eman ez zuen itxura eman baitzuen. Bihar aurkari zuzen baten zelaian jokatuko du, Liceo Francesen zelaian, eta partida 12.00etan abiatuko da.

Spyro Bera Berak, berriz, hobetzen hasteko primerako aurkaria du, Madrid Noroeste taldearen zelaian jokatuko baitu bihar, 12.00etan. Madrildarrak bigarren dira, eta garaipena nahitaez behar dute Valladolidi ihes egiten ez uzteko. Beraz, donostiarrek, oso zaila izan arren, partida irabaziko balute, indar handia hartuko lukete. Galduta, berriz, egoera oso larrian jarraituko lukete.

Kitmar, bikain

Kitmar Ordizia, berriz, denboraldi bikaina egiten ari da. Dudarik gabe, euskaldunen artean onenak izan dira lehen zatian, eta bigarrenean ere horrela izaten jarraitu nahi dute. Gipuzkoarrek Bartzelona hartuko dute etxean, Trevijanon, bihar eguerdian, 12.00etan.

Axio Arañak zuzentzen duen taldea oso indartsua da etxean, eta garaipena beharko luke sailkapeneko aurrealde horietan jarraitu ahal izateko, Bartzelona bera ere hortxe baitabil.

Ohorezko B Mailan, Hernanik Alcobendasen zelaian jokatuko du bihar, 12.00etan. Ordubete lehenago hasiko da Durangok Valentzian jokatu behar duen norgehiagoka. Gernikak, berriz, gaur bertan jokatuko du 16.30ean, etxean, eta Oviedo taldea hartuko du.

Ordizia

Kitmar Ordizia bihar eguerdian arituko da etxean, Bartzelonaren aurka. Gipuzkoarrak denboraldi bikaina egiten ari dira; etxean oso indartsu dabiltza, eta denboraldiko azkeneko zatian orain arteko indar hori erakutsi behar dute.

Hernani

Hernaniko taldeak Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatzeko itxaropen osoa dauka, eta asteburu honetan norgehiagokarik errazena izango ez badu ere, bihar eguerdian Complutense menderatzeko ilusiorik ez zaio falta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo