Liga Federala
Donibane Lohizunek ezin du hutsik egin jarraitzaileen aurrean
J.L. | DONOSTIA
Liga Federalean, Lehen Mailan, bigarren faseko bigarren jardunaldia jokatuko dute. Igoerako bidean, Donibane Lohizunek ezin du hutsik egin etxean, bestela ia aukerarik ez baitu izango azkeneko fasea jokatzeko.
Gorri-berdeek huts egin zuten lehen jardunaldian, eta horrelako ligaxka laburretan kale egiteko oso tarte txikia egoten da. Beraz, lapurtarrek bihar nahitaez menderatu behar dute Chalonnois, xedeei eutsi nahi baldin badiete. Haiek lehen jardunaldian irabazi zuten. Partida bihar jokatuko dute 15.00etan.
Jaitsierari eusteko ligaxkan, Nafarroak Cahors taldearen zelaian jokatuko du gaur, 19.00etan. Nafarroa Beherekoek ongi hasi dute fase hori, irabazi egin baitzuten lehen jardunaldian, eta gaur ere gauza bera egingo balute, urrats handi bat emango lukete.
Maule, aldiz, bestelako egoera batean dago. Talde hori ere jaitsierako ligaxkan ari da, eta galdu egin zuen lehenengo jardunaldian. Bihar Ortese hartuko du etxean, 15.30ean, eta partida irabazi beharra dauka, bestela Lehen Mailari eusteko aukerak gutxitu egingo baitira. Hau ere oso ligaxka laburra da, eta huts gutxi egiteko tartea dago.