Langileen bizi eskubidea maizegi urratuta
Atzo, Osalanek Guardiako ardandegi batean herenegun izandako lan istripuaren berri eman zuen. Langile bat hil zela jakinarazi zuen. Ondoren, atzo ere, beste bi langile hil ziren beren lanpostuetan, Gasteizko Salburuan eta Errezilen. Berangon, berriz, beste langile bat zauritu zen lanean. Aste honetan bertan Nazioarteko Konfederazio Sindikalak aurkeztu duen txostenak Europar Batasuneko estatuetan langileen eskubideak urratuta daudela agertu du. Diotenez, eskubideen esparrua den Europan, hain zuzen. Euskal Herriak zenbait arlotan duen garapen maila nabarmendu egiten da; ez horrenbeste lan istripuen kopurua. Inor ez du harritu txosten horren emaitzak, baina urraketa hori eguneroko kontua denez, haren ondorioa ere egunez egun nabaritzen da, modu bortitzean nabaritu ere; lan istripuak eguneroko kontua baitira, maiztasun jasanezinean atzokoak bezalako ondorioak baitituzte. Gizarteak argi izan behar du Euskal Herrian dagoen lan ezbehar kopuru ikagarria ezin dela normaltzat hartu, eta erantzuleak badituela. Lan segurtasuna, eta hark neurri handian eragiten duen prekarietatea, politikarien lehentasuna ez den bitartean, instituzioek horrelako arazo larriari heltzen ez dioten bitartean, enpresaburuei segurtasun neurriak betearaziz, bukatzear dagoen hau bezalako aste beltzak izango dira maiz, maizegi.