GARA > Idatzia > Ikusmira

Oroitzeko eta justizia eskatzeko eskubidea

Gasteizko Martxoaren 3ko sarraskiaren urteurrenak aldarrikapen zahar baina indartsua dakar aurten. Oroitzapena eta justizia. Izan ere, justizia izan dadin, egia behar da. Oroitze eta, beraz, argitze lan horretan tresna garrantzitsua da Lluis Danes zinema zuzendariaren «Llach, la revolta permanent» film hunkigarria. Tresna garrantzitsua, halaber, halakoren batean, 31 urteren ostean, alegia, Gasteizko Legebiltzarrak gertakari haiengatik erantzukizunak eskatuko dituen batzordea. Hala ere, nekez ahaztuko dute biktimek eta joan den urteko manifestazioan haiekin zeudenek Ertzaintzaren eraso bortitza, Gasteizko Gobernuak eta alderdi gehienek zuritua. Nekez ahaztuko dute, gainera, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko bi kidek auzipetuta segitzen dutelako, Gobernu horren Poliziak hala eskatuta, Auzitegi Nazional espainolean Igor Angulo eta Roberto Sainz euskal preso hilen oroitzapena ere bere egiteagatik. Oroimena beharrezkoa da justizia izango bada, hautsak ez harrotzeko aitzakian ezkutatzen denak berekin ezkutatzen baitu justizia. Horren azken erakusgarria Iruñeko Udalean UPNk eta CDNk izan duten jokaera da. German Rodriguezen hilarria kendu eta gorde zuten aspaldian. Orain ez dute berriro jarri nahi, baina haren ordez «zoritxarreko gertaerak» oroitzen dituen plaka jarri nahi dute. German Rodriguez zoritxarrak hil balu bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo