GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Sartutako hanka ateratzea, keinu bat?

Hauxe da ene buruari egin diodan galdera Iñaki de Juanarekin gertatutakoa ikusirik. PPren eta eskuineko beste eragileen erantzunak, egia esan, dena nahasi du, eta jende askok pentsatzen du PSOEk izugarrizko urratsa egin duela. Finean, horrela begiratuta, espainiar Gobernuak nor eta De Juana salbatu du, eta, gainera, etsi egin du, presoaren borrokak garaituta. Gauzak hagitzez ere konplexuagoak dira, jakina, baina politikagintzan sentsazioak oso inportanteak dira, eta jendarte sektore batzuen aitzin PSOEkoak oso ausartak izan dira.

PPkoek laguntza galanta eskaini diote PSOEri, horretan. Guk ikasi dugu aspaldi zein den Rajoy, Losantos eta beren artaldekoen jarrera, eta Zapaterok zein Rubalcabak ere badute horren berri, eta politikoki erabiltzen dituzte erabat prebisibleak diren portaera horiek. Aski da edozein urrats egitea eskuindarren erreakzio gordina jasotzeko, eta honek panorama nabarmenki distortsionatzen du. Jadanik ez du ezertarako balio portaera politikoak espainiar ultranazionalisten erantzunen arabera neurtzeak.

Begi-bistakoa da espainiar Gobernuak hartutako erabakiak esanahi politikoa duela. Edozein azterketatan aintzat hartu behar da hau, baina bere neurrian. Izan ere, Iñaki de Juanak bete zituen aspaldi espainiar epaileek ezarritako zigorrak. Kartzelatik ateratzeko data hurbildu zelarik, kanpaina erraldoia antolatu zuten askatasuna berreskura ez zezan. Orduan PSOEko ministro zen Lopez Aguilarrek agindu zuen zerbait aurkituko zutela de Juana kartzelan mantentzeko biderik. Hitza bete zuen gizon hark, eta iritzi artikulu batzuk aitzakiatzat hartuz berriz prozesatu zuten, eta Iñaki preso gelditu zen. Laburbilduta: PSOEk luzatu zuen de Juanaren kartzelaldia, eta PSOErena zen (eta da) egindakoa aldatzeko ardura. Aurretik sartu zuten hanka ari dira ateratzen. Berandu, gainera, oso berandu!

Gauzak horrela, eta erabaki politikoaren garrantzia ahantzi gabe, ez dirudi de Juanarekin egin dutena «keinu» gisa hartu behar denik, ez bederen hainbatek eman nahi dion neurrian. Pozgarria da de Juana Euskal Herrira itzuli izana, eta gose greba utzi duela jakitea. Baina kasu, ustezko salbatzailea (PSOEren Gobernua) bere bizitza arriskuan jarri duen bera baita!

Gose greba eta herriaren borroka dira espainiar Gobernuaren jarrera aldarazi dutenak. Honatx paregabeko ikasgai poli- tikoa! Ongi etorri, Iñaki!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo