GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia González Idazlea sagarroiak@gmail.com

Bizikidetza plana

Ohituta gaude morroi honen lotsagabekeria eta zakarkerietara. Eta horixe da akaso txarrena. Hala ere, erakusten duen gauza bakarra bere despotismoa da

Artikulurako izenburu hau aukeratu arren, beharbada euskaratzea ez da egokiena izan, izan badirelako hainbat berba zentzu ezberdina hartzen dutenak segun eta zein hizkuntzatan esaten diren, edota segun eta nork erabiltzen dituen ahotan barra-barra.

Honela, berben erabilera honen bitartez, Azkuna jaunak, Bilboko alkate txit gorenak, lehengo egunean bertan inauguratu zuen plaza berriari `convivencia' izenaz bataiatu egin du.

«`Convivencia': acción de convivir, vivir en compañía de otro u otros». Eta suposatzen da beste batzuekin bizitzeko orduan «konbibentzia» horrek ondo konpontzea, besteak kontuan hartzea eta gatazkei irtenbidea topatzeko ahaleginak egitea ekartzen duela berarekin batera. Gauza sinplea ematen du, baina elkarrekin bizitzen ikasi ere egin behar da, familiarekin, lanean lagunekin...

Momentura arte horixe zen `convivencia' berbaren esangura edo horrela zela ematen zuen, harik eta Azkuna jaunak beste zentzu bat eman dion arte.

Kontua da plaza horren inguruek sekulako iskanbila sortu dutela, Calatravaren zubia dela eta ez dela. Dakizuenez, Calatravaren zubiari baranda ebaki eta beste plataforma bat inkatu diote, beste egitura batekin eta beste itxura batekoa. Arkitektoak protestatu eta hortxe sortu da oilar-auska.

Ni neu ez naiz sartuko ea nork daukan arrazoia, ea nork irabazi behar duen jadanik tramitatzen hasi den salaketa, ez naiz sartuko, beste gauza batzuen artean, ez didalako inporta. Baina alkateak «konbibentzia» adibiderik eredugarriena eman digu beste behin ere.

Udala guztiz blindatu duen hori kapela bakero eta guzti imajinatzen dut etxean, ispilu aurrean, hurrengo egunean plenoan botako dituen esaldi xelebreak entsaiatzen «Bilbo neurea da, neu naiz Bilboko txerif bakarra eta neure legea da hemen agintzen duena». Eta horrela da, broma eman arren, gezurrezko hiri honek pairatzen duen zoritxarra.

Ohituta gaude morroi honen lotsagabekeria eta zakarkerietara. Eta horixe da akaso txarrena. Batzuei seguru grazia egiten diela eta beste batzuek fijo uste dutela horrelako jokabideek «herrikoago» bihurtzen dutela. Hala ere, erakusten duen gauza bakarra bere despotismoa da, dena egin behar da berak gura duen modura, eztabaida barik: «No voy a pedir permiso a Calatrava para hacer un puente», erabakia berarena bakarrik bailitzan; «a ver quién le mete el paquete a quién», Bilboko makarra guztiei gerra egin gura badie, bere buruarekin nahikoa dauka; «que tenga cuidado... conciliación ¿de qué? Casi tengo ganas de verme las caras en los tribunales», horixe, nik esaten nuena, elkarrekin bizitzen ikasteko adibide eredugarria.

Edozelan, baliteke Azkunarentzat «konbibentzia» berak agindu eta besteok men egitean datzala. Egia esan, agian arrazoia dauka, horrela ez litzateke ezelango gatazkarik sortuko, ez legoke arazorik inondik ere. Denok mutu eta pozik eta bera pozago bere neurrira eraikitzen ari den Bilbo berri, elegante eta bizikidetzaren estandarte horretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo