Ikasleen eskubideak bete daitezela eskatzeko mobilizaziora deitu du IAk
GARA |
Heldu den martxoaren 29an geldialdiak egin eta eskualdeburuetan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten Ikasle Abertzaleek. Modu horretan, Euskal Ikasleen Eskubideen Kartan jasotzen diren eskubideak errespeta daitezela eskatuko dute.
Taldeak atzo egin zuen agerraldian aditzera eman zutenez, Euskal Herriko ikasleen egoera «jasangaitza» da. «Berdin da Lapurdin edo Bizkaian, DBHn edo Lanbide Heziketan. Euskal Ikasleon Eskubideen Kartan jasotzen diren eskubideak sistematikoki urratzen dituzte euskal lurralde osoan eta ikas adar guztietan», azaldu zuten, eta honako hau gaineratu: «Eskolak ez gaitu euskalduntzen; espainol eta frantses bezala hezten gaituzte; ez dugu adierazpen askatasunik ez eta grebarako eskubiderik; goi mailako hezkuntza elitizatzen eta enpresei saltzen ari dira... Amaigabeko urraketa zerrenda egin genezake».
IAren iritziz, eskola eta hezkuntza prozesua bera «ikasleak kontrolpean izatera eta egungo gizarte atzerakoia eta patriarkala mantentzera» daude bideratuak, eta ikasleak kolektibo gisa desagerrarazteko asmoa dago. Bide horretan, erantzule jo zituzten Gilles de Robien, Tontxu Campos, eta Luis Campoy.
Egoerari aurre egiteko oinarrizko jo zuten ikasleek urteetan egindako borroka jarraitzea; izan ere, haien esanetan, historiak erakusten baitu «ikasleen borrokaren ondarea eta balioa».
Azken egunetan Euskal Herriko beste makina bat herritan egin den moduan, Eskolak Euskaldundu herri ekimenak deituta, euskaldunduko duen eskolaren eskeak hartu zituen atzo Iruñeko kaleak. 800 bat ikaslek, gurasok, hezkuntza arloko langilek eta hainbat eragiletako ordezkarik oihu ozena egin eta hizkuntza eskubideak berma ditzatela eskatu zieten instituzioei. Haur Eskolak Euskaraz plataformako kideek ere hartu zuten hitza.