GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ubideetako heriotzak, sexuen arteko lehia eta begirada aztertu dituzte caf-elhuyarreko sarituek

Migel Mari Elosegik irabazi du XIII. CAF-Elhuyar lehiaketa, animaliak hiltzen dituzten ubideei buruzko artikuluarengatik. Ibon Canciorentzat eta Arantzazu Villanuevarentzat izan dira hurrengo bi postuak, eta Goretti Goikoetxeandiarentzat, gazteentzako saria.

Maider IANTZI

Ehun buru elkartu ziren atzo Elhuyar Fundazioaren egoitzan, Usurbilen. Euskarazko zientzia dibulgazioaren puzzleko ehun pieza. Ehun ekarpen hizkuntzari eta ikerketari. XIII. CAF-Elhuyar sariak banatu zituzten, eta aitzinetik ekitaldia egin zuten, «Teknopolis» saioko Aitziber Agirrek eta «Hitzetik Hortzera»ko Saroi Jauregik aurkeztuta.

Fundazioaren bi zutabeen ordezkari dira emakume horiek; zientziarena lehenbizikoa eta hizkuntzarena bigarrena. Azken urte honetan zientziaren inguruan izan diren gertakarien berri eman eta bideo bat erakutsi zuten, eta epaimahaikide batek lanak nola baloratu dituzten azaldu zuen. Urtarrilaren 27an elkartu ziren lau epaileak sariak zeini eman erabakitzeko: Cristina Alberdi, Inasmet-eko marketin eta komunikazio arduraduna; Mikel Alvarez, sendagilea eta Gurutzetako Ospitaleko zuzendari nagusia; Koldo Nuñez, Geologian doktorea, IMHko ingeniaritza eskolako zuzendaria eta zientzia dibulgatzailea, eta Joseba Etxebarria, ingeniaria eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Irabazleek, ordea, ez zuten atzo arratsaldera arte jakin irabazleak zirela.

Denetara hamahiru dibulgazio artikulu aurkeztu dituzte sariketara; bertze urteetan baino gutxiago, Rakel Lopez komunikazio arduradunak jakinarazi zuenez. Jaitsiera hori orokorra izan dela uste du Lopezek: «Ez da lehiaketa honetako kontua bakarrik izan. Zaila da euskaraz eta zientziari buruz idaztea. Jende gutxi dago horretarako prest, eta nahiko genuke datorren urterako gehiago animatzea», adierazi zuen. Parte-hartzaileen profilari buruz galdetuta, 20 urtetik gora adin guztietako jendea dagoela erran zuen, unibertsitatearen ingurukoak anitz.

Leitzan bizi den tolosar bat da lehiaketako garailea, Migel Mari Elosegi basozaina. CAF-Elhuyarrek Imanol Andonegiren eskultura eta 1.000 euro eman zizkion «Ubideetako heriotzak. Energia berdearen ondorio beltza» lanarengatik. Biologian lizentziaduna da Elosegi, eta zentraletara ura eramaten duten ubideek animaliak nola hiltzen dituzten azaltzen duen testu horren aitzinetik hiru liburu eta makina bat artikulu idatziak ditu. «Goizueta, Leitza eta Ezkurra inguruan ubide asko daukagu zentral hidroelektrikoetara ura garraiatzeko. Horien barrenera ardiak, basurdeak, basakatuak, azeriak... hainbat animalia erortzen dela konturatu ginen, eta hamaika ubide aztertu genuen lau urtean. Batzuetan besteetan baino askoz ere gehiago itotzen direla jabetu ginen. Hori zergatik gertatzen den ulertzen saiatu ginen, eta diseinuan desberdintasunak ikusi genituen. Pasabideak zeuden ala ez begiratu genuen, itxita zeuden ala ez», azaldu zion Leitzako basozainak GARAri.

Ubide arriskutsuak moldatzeko eta animalia gutxiago hiltzeko proposamenak ageri dira artikuluan: «Ahal izanez gero, azpiegitura estali behar da. Baina konponbide garestia da hori, eta leku askotan ezin da egin. Bi aldeetatik alanbre sareekin ixtea eta zubiak eraikitzea ere nahiko sistema ona da». Nafarroako egoera aztertu du Migel Mari Elosegik, baina argi du arazoa Euskal Herri guztikoa dela, «alde guztietan sortzen delako ubideen bidez energia hidroelektrikoa, batez ere ipar partean, euritsua delako».

«Orain dela laurogei urte eraiki ziren ubideak, eta aspalditik egin da lana animalientzako tranpa izan ez daitezen; baina orain arte ez dira hasi arrapalak erabiltzen. Enpresa hidroelektrikoetako langileak kezkatuago daude orain, eta borondatea dute egoera hobetzeko, Administrazioak bezala», baieztatu zuen Elosegik baikor.

«Sexuen arteko lehia eta bisigua» da bigarren lan sarituaren izenburua, eta Ibon Cancio bakioarra da egilea, atzo Andonegiren eskultura eta 500 euro jaso zituena. Biologian doktorea da eta irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean. Bi urteko mutiko baten aita ere bada, eta hainbat aldiz ikusi behar izan du harekin «Nemo» filma. Haurrarekin pantailara begira zegoen egun batean bururatu zitzaion aldi berean ar eta eme diren arrainen inguruko artikulua osatzea, «Nemo»ko protagonista batek bezala, komeni zaienean sexua aldatzen duten izakiak ezagutaraztea.

Bisigua eta txilibitua

«Badira arrain berezi batzuk heltzen direnean sexua aldatzen dutenak. Ahalik eta hobekiena ugaltzeko estrategia da. Euskaldunontzat hain preziatua den bisiguak hori egiten du: jaiotzean arra da, baina bigarren edo hirugarren urtea betetzean eme bilakatzen da. Izan ere, zenbat eta handiagoa izan, orduan eta arrautza gehiago eta hobeak jartzen ditu. Beste espezie batzuek alderantziz egiten dute. Txilibituak, adibidez. Eratutako habia babesteko ardura duenez, arrak ahalik eta handiena izan behar du eta ahalik eta esperma- tozoide gehien ekoitzi. Harrapariren batek erasota edo zahartuta desagertzen bada, eme handienak eta arraren paperera hobekien egokitzen denak sexua aldatzen du. Sexurik aldatzen ez duten arrainak ere badira, aldi berean ar eta eme direnak. Itsaso sakonean bizi denak nekez topatuko du espezie bereko beste izakirik, oso ilun baitago. Hermafroditak bikotekidea aurkitzeko aukera gehiago izango du», azaldu zuen Bakioko irakasleak.

CAF-Elhuyarreko hirugarren sariduna, atzo Imanol Andonegiren eskultura eta 300 euro jaso zituena, Arantxa Villanueva da, Telekomunikazio ingeniaritzan doktorea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea. Begiradari jarraitzeko sistemek zein aplikazio dituzten azaltzen du Iruñeko ikertzaileak «Zeri begira zaude? Begiei begira» artikuluan. «Bi aplikazio mota daude -argitu zion GARAri-. Erabilera diagnostikoa begia nola mugitzen den grabatu eta aztertzea da. Webgune baten aurrean edo iragarki bat ikustean, adibidez. Aplikazio interaktiboak, berriz, ordenagailuaren sagua begiradarekin mugitzeko balio du, edo begiak itxiz klik egiteko». Villanuevaren hitzetan, hagitz erabilgarria da teknologia hori publizitaterako eta marketinerako, baita bideo jokoetarako ere. Horregatik, 10 edo 15 urte barru aplikazioa gizartera zabaltzeko aukera ikusten du.

Gazteei zuzendutako sari bat ere eman ohi du CAF-Elhuyarrek, haiek ere zientziari buruz idazten has daitezen. 25 urte baino gutxiagoko lau pertsonak hartu dute parte aurten, unibertsitateko lau ikaslek, eta Lizartzako Goretti Goikoetxeandiak etxeratu zituen atzo Imanol Andonegiren eskultura eta 300 euroak, «Xafla iragazgaitza: bike berria» lanari esker. Kimikan lizentziaduna da eta doktoretza tesia egiten ari da orain. Egutegietako plastikoak xafla iragazgaitzak egiteko erabil daitezkeen ikertu du bertan, eta azterketa horren nondik norakoak biltzen ditu artikuluak. «Xafla iragazgaitzak oihal beltzen antzekoak dira, asfalto-betunez eta polimeroz eginak daude, eta nonahi erabiltzen dituzte eraikuntzan: igerilekuetan, tenis pistetan eta tuneletan, esaterako. Negutegietako plastiko birziklatuak erabiltzen ari gara xafletako polimeroa egiteko, ingurunea babesten dugu horrela, baita prozesua merketu ere», kontatu zuen. Xafla iragazgaitza sortu nahian ere ari dira unibertsitatean. Normalean ez dute euskaraz artikulurik idazten; gehienak ingelesez egiten dituzte eta batzuk gaztelaniaz. Kontent zegoen, hortaz, Goretti Goikoetxeandia, CAF-Elhuyarrek horretarako aukera eman diolako.

KALEAN DA KEPA ALTONAGAREN «ETXEPARE, ALDUDEKO MEDIKUA" liburua

Artikuluak saritzeaz gain, dibulgazio liburua idazteko 4.500 euroko beka ematen du CAF-Elhuyarrek bi urtetik behin. Hurrengo urtean izanen da deialdia, eta maiatzetik aitzinera aurkezten ahalko dira lanak. Atzo arratsaldeko ekitaldian, laguntza horren fruitu bat erakutsi zuten, Kepa Altonagaren «Etxepare, Aldudeko medikua» obra. Lehiaketako X. edizioan irabazi zuen bekari, Euskaltzaindiari eta EHUri esker, argia ikusi du Ipar Euskal Herriko sendagilearen biografiak. Altonagaren arabera, Jean Etxepare (1877-1935) guztiz apartekoa da «gure letren historiako elizgizonen segida kolorebakoan». Bi liburu argitaratu zituen, eta horietako bat, «Buruxkak», biziki ausarta izan zen. Andregaiak ere utzi egin zuen horregatik. M. I.

100

ekarpen

Ehun lagun bildu ziren atzo Elhuyarren egoitzan, Usurbilen. Ehun ekarpen hizkuntzari eta ikerketari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo