Emakumeak
Lilaton herri lasterketak 18 urte beteko ditu bihar
Iaz 700 parte-hartzaile izan ziren, eta aurten ibilbidea aldatu behar izan dute
Asier AIESTARAN |
Lilaton emakumeentzako herri lasterketak 18 urte beteko ditu bihar. Hasieran Emakumearen Eguna ospatzeko beste ekitaldi bat gehiago izan zena Donostiako, Gipuzkoako eta Euskal Herriko hainbat emakumerentzat kirolarekin urtero duten ezinbesteko hitzordu bilakatu da. Iaz 700 bat korrikalari batu zituen proba horrek, eta litekeena da aurten kopuru bikain hori gainditzea.
«Hasierako urteetan askotan galdetzen ziguten ea zergatik antolatzen genuen lasterketa bat emakumeentzat bakarrik, baina jada jendeak barneratu du lasterketa hau naturaltasunez. Emakumeak kirola egitea nahi dugu, kalean, lasai eta eroso, gure espazioa izan nahi dugu eta horregatik du horrenbeste arrakasta lasterketa honek», esan du argi Arantza Gurmendi antolakuntzako kideak.
Parte-hartzaileei dagokienez, antolatzaileek oso esperientzia positiboak izan dituzte 18 urteotan. «Emakume batzuk badira atletismoarekin eta kirolarekin lehen harremana Lilaton lasterketa honetan izan dutenak eta korrikarako gaitasuna dutela ikusi dutenak. Bat edo beste bada gaur egun maratoiak egiten dabilena. Hori oso pozgarria da guretzat, eta jarraitzeko indarra ematen digu», adierazi du harro Gurmendik.
Donostia erdialdean barrena, bost kilometroko ibilbidea du lasterketak, eta mota guztietako kirolariak biltzen ditu. Arantza Gurmendik azaldu du: «Lau bat aldiz neurtu behar izan dugu ibilbidea, ongi pasatzera etortzen direnei berdin zaielako baina marka egitera etortzen direnek oso serio hartzen dutelako distantziaren kontua». Normala den moduan, denen beharrei erantzuten saiatzen dira antolatzaileak.
Ibilbide berria
Aurtengo ekitaldiak ekarriko duen berrikuntza nagusia ibilbidea izango da. Orain artean Miracruz kaletik igarotzen zen lasterketa, Gros auzoan barrena, baina aurten eta datozen urteetan hori aldatu egingo da. Avenidatik Republica Argentina kalea hartuko du ibilbideak, Maria Cristinaren aurretik pasatu, eta Kursaaleko zubitik zeharkatuko du ibaia. Zurriola etorbidetik joan-etorria egingo du lasterketak, eta Bulebarretik barrena Igentea kalean amaituko da.
«Iaz urte berezia izan zen guretzat. Bat-batean aurreko urtean baino 300 parte-hartzaile gehiago izan genituen eta horrek antolakuntza lanak asko aldatzen ditu. Udaltzainekin hitz egin genuen eta segurtasun kontuengatik Miracruz kaletik ez pasatzea gomendatu ziguten, zirkulazio asko izaten delako kale horretan. Hasieran ez genuen oso argi ikusten, baina aurrera begira hazten joateko ere segurtasuna oso garrantzitsua da guretzat», argitu digu Gurmendik.
Lasterketa Alderdi Ederretik irtengo da 11.00etan; hasi aurretik 10.30 arte izena emateko aukera egongo da udaletxe inguruan, eta izen-ematea 6 euro kostako da (5 aurrez eginez gero). 14 urtetik gorakoek bakarrik egin dezakete korrika, eta sailkapenak hiru mailatan banatuko dira (juniorrak, helduak eta beteranoak). Parte-hartzaile guztiek elastiko bat jasoko dute, eta sariak egongo dira, bai azkarrenentzat eta bai bereziak.
Lilaton lasterketaren ezaugarrietako bat jendeak taldean korritzen duela da. Arantza Gurmendik esan digunez, herrietan emakume asko biltzen dira batera entrenatzeko, eta gero denak batera etortzen dira. Emakume horiei begira, 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat prezio berezia egiten da (4 euro). «Herri gehienetan kirol teknikariak dituzte, eta batzuetan Udalak berak antolatzen ditu taldeak, autobusak jarri ere bai zenbaitzuetan. Azken batean, gimnasioak emakumez beteta egoten badira, zergatik ez dira emakumeak kalera irtengo kirola egitera? Horixe da erronka», biribildu du Gurmendik.