GARA > Idatzia > Kultura

Tabako Fabrikara eraman ditu bere fruituak Disonancias 2006k

Hilabeteotan Disonancias proiektuak izandako ibilbideak urratsik zailena gainditu du. Aurreko astean Gasteizen eginiko agerraldi bat baliatu zuten egitasmoaren emaitzen aurrerapen antzeko bat plazaratzeko. Orain, berriz, Tabako Fabrikak hartu du lekukoa. Enpresaren eta artearen arteko lankidetzak emaniko fruituak, askotarikoak oro ere, gizartera iristen hasi dira.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Nazioarteko artistak eta Euskal Herriko enpresetako I+G+B unitateak eta teknologia zentroak harremanetan jarri zituen Disonancias 2006 proiektuak, horiek guztiek ikerketa-egitasmo batean elkarrekin lan egin zezaten. Ez zen erronka makala, baina ibilbideak eman du, bai, fruiturik. Emaitzak, bai profe- sionalentzat bai publiko zabalarentzat, Donostiako Kultura Garaikiderako Nazioarteko Zentro izango den eraikinean ari dira ezagutarazten, atzotik gaur arte.

Gizartearen berrikuntzaren ideia sustatu nahian, Disonancias-ek herritarrei gogoeta batzuk helarazi nahi dizkie. Lehenik, «errealitatea aldatzen den bezala», «arte mundua ere aldatzen» dabilela esan zuten atzo arduradunek; bigarrenik, enpresa mundua ere zeharo dinamikoa dela eta, sistematikoki ere, jendearen egunerokotasuneko eboluzioa aztertzen duela esan zuten. Gainera, «adiera bakarreko begiradek pobretzera» garamatzatela ohartarazi zuten.

Dena den, Disonancias «proiektu erreala» dela ikusarazi nahi dute Tabako Fabrikan: «Praktikan jarri du askok oraindik ezinezkotzat dutena. Izan ere, muga euren gogoetan dago, eta bizitzaren adiera bakarreko begiradetan; hori nahastea baita, mugimendua, kontrastea, aurreikuspen eza, eraldaketa... orain eta hemen da». Horrenbestez, eta etorkizuna asmatu baino gehiago «eraiki» egiten dela iritzita, egitasmoak eraikitzeko asmoa ei du, «artistak, ingeniariak, kimikariak, informatikariak, biologoak, ekonomialariak, matematikariak, komunikologoak... elkar ulertu, entzun, lagundu, harritu eta batera sortzea posible delako agerpenetik».

Ideietatik ekintzetara

Teoria hori guztia praktikara eraman, eta artearen eta enpresa munduaren arteko lankidetzak ahalbidetu dituen proiektu askotarikoetako prototipoak ezagutzeko beta ematen dute orain Donostian; orok ere berrikuntzari keinu egiten diote, ikerketa eta sorkuntza elkarlotuta. Proiektuko koordinatzaile Arantxa Mendiharatek esan zuenez, horietako batzuek gerora garatu ahal izateko aukera errealagoak izango dituzte, baina hori egileek ere aurrez aldetik ei zekiten. Bitartean, aniztasuna nabari da Tabako Fabrikan.

Esaterako, «Dispositibo mugikorretara informazioa bidaltzea» izan zen European Virtual Engineering Fundazioak (EUVE) eskatutako ikerketa, eta «Hiri kantuen zerrenda. Kultura museo mugikorra», berriz, Saoirse Higgins egun Belfasten irakasle den multimedia artista digitalak garatutako proiektua. Bertan, «Bilboko tresna kulturalak harrapatzea» proposatu dute: Museo mugikor bat balitz bezala, hiriko belaunaldi gazteek sortutako «bilbainadaren» bertsio berri batekin zabaltzen da bilduma, tokian tokiko kultura tradizionalaren isla. Kokapen zehatzekin lotutako abestiak mapa batean bildu eta kokatzen dituen aplikazio mugikor bat diseinatu dute. Kantak bisitariei eta bilbotarrei abesti edota sakelako telefonorako tonu zerrenda formatuan eskaintzen dizkiete. Bilboko Arte Ederretako Museoak lantegia antolatu zuen horretarako. Hiri, kale edo etxe bati buruzko abestiak inprobisatu eta karaokea balitz bezala asmatzeko beta ematen zuten. Hip-hop soinurik ere antzeman daiteke.

Tabako Frabrikan ikusleen arreta bereganatu zuen prototipoetariko beste bat Kanadako Stephanie Davidson gazteak Euskal Herriko industria talde nagusietako bat den Alfa Lanekin batera egindakoa da. «Hiri altzarigintzan kontzeptu berriak» nahi zituen aipatu enpresak, eta «Hiri burkoak: gorputzen aztarnak espazio publi- koetan» delako proiektua garatu dute. Hala, «puf» antzeko batzuk aurkituko ditu bisitariak, kuxinetako giza aztarnen moldeak oinarri hartuta. Alegia, norbere gorputzera egokitutako burkoak dira, eta hoztasuna baztertu eta pertsonen eta inguruan duten arkitekturarekiko inplikazioa areagotzea du helburu.

Leia Garapen Teknologikorako Zentroak (Gasteiz) ere apustu polita egin du «Ezinduentzako ingurune seguruak» ikertzeko asmoz. Olga Kisseleva errusiarra aritu da haiekin, eta «Tutor: mugikorraren bitartezko ezinduentzako laguntza programa» garatu dute. Nolabaiteko ezintasuna dutenek mugikorrean hartzen duten informazioaren bitartez harremana izatean datza (tutore informatikoa), bai lan orduetan bai ohiko bizimoduan ere.

Instalazioak ezintasuna duten lagunen eguneroko bizitzaren edukidun 2D-ko kodeak aurkezten ditu, pertsona horiek lantokiko edo bestelako zereginetan daudeneko argazkiak, instalazioa azaltzen duen berentzako tutore adibide batekin batera. Ispilu efektuaren bitartez, publikoa sentsibilizatzeko era bat ere bada. «Haien dependentzia egoera propioaz, euren erreflexuak galtzen dituzten heinean, gero eta aparatu elektronikoen menpeago gaude», egileen esanetan.

Jakiak, altzariak, dokumentala

Bestalde, Kaikuk «Jakien aurkezpen berria» egiteko erronkari eutsi dio, eta «Jatean hitz egiten da. Kaikuren produktuetan oinarritutako parte hartzeko instalazioa»ren prototipoa egiten lagundu dute Federica Matelli italiarrak eta Elmar Trefz alemaniarrak. Jateko formek pertsonen arteko lotura eta erlazioak zein neurritan baldintza ditzaketen islatu nahi du.

«Sortaldeko elikatzeko modua gero eta indibidualista eta instrumentalagoa da; beste kultura batzuetan, ordea, kohesio handiagoa eta gorputz kontaktua ere onartuago dago», aipatu zuen Arantxa Mendiharatek. Bide batez, enpresak salmenta puntuetan zentzu bakarreko marketin sistema ordez, erabili ahal izango duen elkarreragina errazten duen partaidetza sistema ikertu dute. Prototipoak bi mahai agertzen ditu, jateko ohitura ezberdinak islatzeko bitartekoak.

Birzikla taldeak Gaiker teknologia zentroarekin batera eginiko «360: Hiri-altzariak, komunikazioa eta birziklapena» proiek- tua ere aurkeztu dute. Uneoro birziklatutako materiala erabilita, 360 graduko ziklo biribila egin dezaketen bankuak agertzen ditu prototipoak. Kolore biziekin atonduta, esertzen denaren mugimendu askatasuna baimentzen duen ardatz batez daude lurrera josiak; bankuek komunikazio tresna funtzioa egin dezaten ahalbidetzen dute.

Besteren artean, Itxaso Diaz bizkaitarrak, EiTBren errealizaziorako laguntzarekin, dokumental bat aurkeztu du Tabako Fabrikan, Disonancias-en proposamen oro zeharkatuta. Horretarako, 15 artistaren eta 10 enpresaren lekukotzak batu ditu.

Arduradunen esanetan, «nolabaiteko informe orokorra da, enpresa hitzetan horrek duen `balantze' izaerarekin». Horra, beraz, egitasmoaren nondik-norakoak ongi ezagutzeko beta.

GAUR, ATEAK ZABALIK

Gaur, prototipoak, esperientzia interaktiboak eta egitasmoaren dokumentalaren emanaldia izango dira. 12.00etatik 20.00ak arte izango dira ateak zabalik, eta 12.30ean artisten egitasmoak azalduko dituzte.

AURKEZPEN OFIZIALA

Hedabideek goizean eta arratsean izan zuten emaitzak gertutik ezagutzeko beta. Baina iluntzean berriro ireki zituen ateak Tabako Fabrikak. Festa antzeko ekitaldi ofizial bat izan zen, prototipo batzuk «performance» eta guzti aurkezteko.

Gero ere «elkargune erreferente" izan nahian

Orotara Euskal Herriko hamar enpresa eta diziplina anitzetako munduko 15 artista bateratu dituen Disonancias egitasmoaren sustatzailea Xabide Taldea izan da. Taldeko kontseilari-ordezkari Roberto Gomez de la Iglesiak atzo hedabideen aurrean adierazi zuenez, berebiziko garrantzia izan du erakunde publikoen laguntzak -Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Gasteizko Gobernuak ere parte hartu dute, betiere, bakoitzaren industria esparruko ikuspuntutik-.

Kontseilariak gogorarazi zuenez, finantzaketa osoa 400.000 bat eurokoa izan da: kopuruaren %30 enpresek jarri dute, %55 erakunde publikoek, eta gainerako %15a, gutxi gorabeherea, bestelako entitateek.

Lortutako emaitzekin pozarren agertu zen Gomez de la Iglesia, eta diputazioak ere hala daudela esan zuen, batik bat «halako ekimenek duten arriskua kontuan hartuta». Hala, konfiantza osoa agertu zuen datorren urtean ere Disonancias-ek bideari eusteko aukera izan dezan. Are gehiago, «enpresa esparrua eta artearen mundua elkarlotuko dituen behin betiko plataforma erreferente bat osatzea» helburu dutela nabarmendu zuen.

I.A.

«Artsactive.net" sarea ere lankidetzaren alde

Euskal Herrian egoitza duen Artsactive.net sarea aurkeztuko dute gaur, Donostian. Artista eta zientzia edo industria ikerketaren arteko lankidetzak sustatu edo babesten dituzten proiektu, erakunde eta pertsonen nazioarteko sare bat da.

Kideek zientzia eta enpresa testuinguruetan artisten presentzia, eta arte esparruetan zientzialari eta enpresariena bultzatu nahi dute ondoko xedeekin: zientzia eta teknologian berrikuntza eta sormen iturri berriak garatzea, aipatu sektorearen norabidea aldatzea, zientziaren lorpenak gizarteratzea eta ezagutza eta garapen profesionalaren transferentzia sustatzea. Sareak lankidetza programak antolatzen dituzten erreferentzia proiektuak babesten dituzten erakundeak eta ikertzaileak eta begiraleak ditu Europan, AEBetan eta Australian ere. Disonancias da programa antolatzaile horietako bat.

10.00etatik 12.00ak arte sarea osatzen duten erakundeei artisten porfolioen aurkezpena egingo zaie, baina deialdia artistentzako bakarrik da. Parte hartzeko baldintzak, www.disonancias.com-en.

I.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo