Liga da nafarrentzat lehentasuna
«Ahalik eta arinena lortu behar ditugu 42 puntuak Ligan"
David Lopezek Racingen kontra irabaztea ezinbestekotzat jo du taldeak lasaitasuna berreskuratzeko, bestela sufritzea egokituko baitzaie gorritxoei
GARA |
Denboraldi ona egiten ari da Osasuna txapelketa guztietan, baina hainbeste partida jokatzeak indar apur bat galtzea ekarri du azken hilabetean. David Lopezek azaldu du: «Nahiz eta zaleek eta guk hiru txapelketak nahi genituen, errealistak izan behar dugu ahaleginaren ordaina pagatzen ari baikinen».
Nafarroako taldearentzat ez da ohikoa hainbeste norgehiagoka jarraian jokatzea otsailean, eta Kopatik at geratu ondoren, UEFA da orain ilusio handien pizten duen txapelketa. Halere, Ligako azken jardunaldietan Celtaren eta Espanyolen aurka galtzeak jaitsiera postuetatik gertu utzi du Osasuna, eta horregatik, ahalegin guztiak txapelketa horretan jarri nahi dituzte gorritxoek. «Liga da orain lehentasuna eta helburu bakarra denboraldi amaierara arte», adierazi zuen atzo Lopezek.
«Etxean indartsuak sentitu behar dugu berriro, eta Osasunak betidanik izan duen grina atera behar dugu, azken bi partidetan guztiz galdu dugu-eta», esan zuen errioxarrak.
Oraindik bost puntuko aldea duten arren -Athleticek jartzen du jaitsierako postuetako muga-, nafarrek lasaitasuna eskuratu nahi dute. Enrique Corralesek esan zuen: «Arazoak izan ditzakegu deskuidatzen bagara. Ahalik eta arinena konpondu beharra dago».
Munitis eta Zigic
Konponketa horren lehen biktima Racing izan daiteke. Sailkapeneko azken tokietan daude kantabriarrak, eta horrek puntuen garrantzia bikoiztu egiten du. Partida irabaziz gero, pauso itzela emango luke Osasunak, baina porrot batek arazo larrietan sar dezake.
Zigicek eta Munitisek osatzen duten aurrelari bikotea hurbiletik zaindu beharko dute nafarrek, bi jokalari horien jokoan oinarritzen baita, hein handi batean, Racingen indarra.
Ostegunean UEFAko partida jokatuko dute Glasgown gorritxoek, eta beldurra ematen die arreta galtzeak. «Ilusio handiarekin gaude Glasgow opari bat delako guztientzat, baina Ligan ahalik eta arinena atera behar ditugu 42 puntuak», esan zuen David Lopezek.
Lau garaipen lortu behar dituzte falta diren jardunaldietan maila mantentzeko, eta Osasunako erdilariak onartu zuen: «Lehen mailan talde batek ere ez ez du lortzen erraz irabaztea. Bartzelonari ere kritikatzen zitzaion ez zituelako puntuak hain erraz irabazten. Zaila izango da, baina konfiantza daukagu taldearengan».
Kopako kanporatzeaz ere mintzatu ziren gorritxoak, eta onartu zutenez, oso zaila zeukaten aurrera jaraitzea, eta horregatik ondo etorriko zaie. Izan ere, jokalari asko fisikoki leher eginda baitzeuden.
Osasuna desarrolló ayer un entrenamiento alternativo al habitual de las instalaciones de Tajonar, en el Club de Campo Señorío de Zuasti, donde la plantilla realizó una suave sesión reconfortante tras el apretado calendario del último mes.
Para hacer frente al cansancio físico que arrastran los jugadores, Ziganda preparó una jornada basada en un poco de carrera continua, gimnasio, baño y masaje, para posteriormente quedarse a comer todo el equipo.
Osasuna retornará hoy a las instalaciones de Tajonar para ultimar la preparación del partido del domingo en Santander frente al Racing.
GARA
Valdo eta Delporte izan ezik, Zigandak lehenengo taldeko jokalari guztiak izango ditu prest biharko norgehiagoka jokatzeko. Delporte atzo itzuli zen Capbretonetik, eta gaur aztertuko dute sendagileek.
UEFAko joaneko partidarako sarrerak atzo jarri zituzten salgai Osasunako bazkideentzat Nafarroako Erresumako leihatiletan. Itzulerako partidarako sarrerak astelehenetik aurrera jarriko dituzte.