GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Mahai-zapitik abian

 

GARAk datozen egunotan euskal mahai-zapia banatu behar duela eta horren harira Mali etorri zait buru aldera. Afrikako Mali hori berori. Izan ere, herrialde horretako Selingue herrixkara mundu zabaleko landa-eremuko hainbat nekazari bildu dira egunotan mahaiaren inguruan elikadura-subiranotasunaz berba egin eta berbatua beste mahai batzuetara indartsu eramateko, eurek normalean gonbidatuak izan ez baina mundu zabaleko elikadura-politikak zehazten diren mahaietara indartsu eramateko, hain zuzen. Lekuan lekuko ganorazko nekazaritzaren aldeko nekazariak bildu dira herrixka hartara, nekezia guztien gainetik nekazarion lana goresteko.

Lehen eta hirugarren munduak aurrez aurre jartzen dituen gaia izan dute mahai gainean. Horregatik, seguruenik, ez da lehen mundua hara azaldu, mundu honek hotel panpoxetan baino ez baitu bilkura egiten, lastozko etxoletako elkarrizketari uko eginez. Nekazari xume batek Selinguen salatu zuenez, lehen munduko nekazariek subentzioen uzta egiten dute hirugarren mundukoek zorrak ereiten dituzten bitartean. Jakina, euskal laborantzari begira, Pirinioen ingurukoa edo kostaren aldekoa, askoz ere hurbilago ikusten dut Selingueko izpiritutik Bruselakotik baino, lehen munduaren barruan hirugarren mundua ere izan baden seinale, hirugarrenaren barruan lehenengoa baino askoz presenteagoa. Dena dela, munduen arteko saltsa honetan beti izan dut nik zalantza: non demontre da bigarren mundua? Ala munduak zenbatzean zenbaki bakoitiak baino ez dituzte erabiltzen? Tira, lehen eta hirugarren munduak zerk eta bigarren mundu gerrak sortu zi- tuen! Hauxe kolpea!

Elikadura-subiranotasuna izan dute Selinguen hizpide, elikadura-segurtasuna baino askoz ere tasun sakonagoa dena; are tasunagoa kontuan hartuta Malin bertan kanpotik eroandako esne-hautsa eta kafea saltzen dutela Mali bera horren ekoizle izanda ere. Ekonomiaren gurpil zoroa. Ekonomiak ondasunak sortzen dituela esaten digute, baina bai zera! Hondamenak ere bai; hauek guztiontzat, batzuentzat haiek. Subiranotasuna beharrezkoa da, ez nahikoa baina, segurtasuna bermatzeko. Jabetasuna kanpoko buruetan ipini ezkero, hori burugabetasuna baino ez da. Han eta hemen. Ene, ene, zelako gogoeta sortu didan GARAren mahai-zapia! Zapia badugu, noizko mahaia?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo