berrria
Bihotz izoztuak
Gari Berasaluze2007/2/27. Euskal Herria.
Batzuetan begirada berezia duten aterkiekin gurutzatzen naiz kalean, eta zaila egiten zait haien begiak zein portutan amarratuta geratu ziren asmatzea.
Ez dakit zergatik, baina distira berezia sumatzen diet. Horregatik miresten ditut itsasoaren beste aldera ihes egin zuten marinelek hemen utzi zituzten loreak. Sua ageri da gehienen begietan, eta esango nuke beste inon baino gaziagoak direla musuak haien ezpainetan.
Irribarrea galdu zutenetik, isilpean ezkutatzen dute samina. Marinelen zain bizi dira, zain egotea eta bizitzea antonimoak direla dakiten arren. Baina ezin beste modu batera oheratu. Ezin ahaztu, ezin hil. Nahiz eta bizitza izoztuta geratu zitzaien, nekeza zaie bihotza beste inori ematea. Ez da erraza egunero norbait oroitzea. Nonbait bizirik daudela jakinda ere, itsasoak betiko desagerraraz ditzakeela sentitzea. Ez direla egundo itzuliko pentsatzea. Zaila da hutsune horrekin aurrera egin ahal izatea. Beste norbaiti dena ezin eman ahal izatea. Denbora izoztutako lakua bihurtzen denean, patinatzen ikasita ere, ez da erraza zutik ibiltzea.
Batzuetan sofa batean kabitzen da egunik samurrena. Horrelakoetan, kanpoan euria denean, merezi du tearekin berokiak egin eta musika piztea. Bafleetatik iristen dira herri neketsu honen taupadak, askatasunaren semeei eta alabei abestuz. Mendez mende bagoaz, bai, baina errazegia da horrelako lurraldeetan hondoratzea. Izozmendi arriskutsuegiak dira begirada berezia duten aterkiak, eta ez gara inoiz falta direnen ametsak baino ederragoak izango.