GARA > Idatzia > Kultura

Emakumeen obraren aniztasuna ikusgai Donibane Garazin

Donibane Garaziko lau leku ezberdinetan Euskal Herriko hamalau artisten obrak egongo dira. «Emazteen artea" izenburu pean, martxoaren 31a arte, Angela Moreno, Florence Etxart, Rosa Valverde, Nicole Pinsolle, Patricyan edo Martine Pinsolle artisten obrak daude ikusgai.

Ainize BUTRON | DONIBANE GARAZI

«Emazteen artea», martxoaren 8a, emakumeen eguna kari, Donibane Garazin antolatu den erakusketaren izenburua da.

Martxoaren 31a arte zabalik den erakusketak Euskal Herriko hamalau artisten obrak biltzen ditu. Angela Moreno, Marie-Helene Etchevarria, Michele Neurisse, NANE, Martine Pinsolle, Nicole Marsan, Patricyan, Rosa Valverde, Zoe Bray eta Josette Dacosta dira artista gomitatuetako batzuk. «Ez dugu gai zehatzik finkatu. Martxoaren 8a dela-eta, emakumeen artearen aniztasuna adierazteko gogoa izan dut», azpimarratu zuen Josette Dacosta artista eta erakusketaren antolatzaileak.

Donibane Garaziko lau leku ezberdinetan banatuak izango dira obrak. Herriko etxeko erakusketa gelarekin hasiz, bisitariak obrak preziatzen ahalko ditu Josette Dacostaren tailerra, Mayorga galeria eta beilarien Laborde etxea bisitatuz. Herrian ibilaldi bat egiteko parada emanen du, hain zuzen ere, erakusketak.

Hamaika estilo ezberdin

«Artista bakoitzak bere sentsibilitatea adierazten du obretan. Arte mota guztiak ordezkatuak dira, figuratibotik hasi eta abstraktora arte», gehitu zuen antolatzaileak. Honela, Patricyan artista plastikoak bere instalazioekin eta Angela Morenok bere emakume biluztuen potretekin emakumearen egoera daukate aipagai .

Dacostak zehaztu zuen: «emazteak eta emazte-printzipioak leku garrantzitsua dute Patricyanen obran». Angela Morenok, bere aldetik, argazkilaritza eta teknika tradizionalak elkartzen ditu teknologia berriak barnatuz. Bere inguruko pertsonetan oinarritzen da, gehienetan emakumeak dira, eta biluzik irudikatzen ditu. Estilo abstraktoago batean murgilduak daude beste artista batzuk. Michele Neurissek, esate baterako, eskultura-eraikuntzak deituriko obrak azaltzen ditu, eta, Rosa Valverdek, berriz, «Kaxak» izeneko bere lan ospetsuak.

Estilo berean barnatua, Christine Etchervers kanboarrak sinboloz eta kolorez beteriko bere mundua ematen du ikustera. «Euskal sustraietan inspiraturiko hilarri serie bat erakutsi berri du Baionako Euskal Museoan», gogoratu nahi izan zuen antolatzaileak. Lan figuratiboei dagokienez, Martine Pinsolle Mugerreko artistak bere gorputz biluztuak azaltzen ditu, eta Zoe Brayek, berriz, potretak eta Euskal Herriko bizitzaren marrazkiak eskaintzen ditu. Azkenik, Nicole Marsanek mundu guztiz ezberdin batean barnatzen ditu ikusleak. Barrokozale amorratua bera, «tapizeria zizelkatuak» obrak jarri ditu erakusketan.

Ikastetxeetako ikasleentzat bisita berezituak

Erakusketaren bidez lekuko ikastetxeetako haurrek artea era ezberdin batez preziatzeko aukera izanen dute. Goizero, Josette Dacostak bisita bereziak antolatzen ditu ikasleek egungo artea beste era batean ezagutu dezaten. «Noiztenka gertatzen ahal da artista ere hor izatea eta, halakoetan, obra egiteko baliatzen duen teknika ezagutarazteko tailerrak antolatzen ditugu», argitu zuen. Martxoaren 8tik goiti, goizero lekuko ikastetxeetako haurrak izango dira bertan. «Garrantzitsua zen horrelako erakusketa bat Donibane Garazin egitea. Landa gunea izanik, lekuko ikastetxeekin lan egiteko aukera ematen du. Lapurdi kostaldean haurrek aukera gehiago dute erakusketatara joateko», esanaz jarraitu zuen. Beti ere, haurren artean artearekiko zaletasuna pizteko Itzal aktiboa elkarteak joko-gidak proposatzen ditu, frantsesez eta euskaraz. «Horrelako joko-gidetan parte hartzeko hitzordua finkatu behar da 0671005723 zenbakira deituz», argitu zuen azkenik antolatzaileak.

Ikastetxeez gain, ikusleek egunero, arratsaldez, erakusketa ikusteko aukera izanen dute. Helduentzat ere antolatuak dira bisita gidatuak.

A.B.

Emakumea

Gai zehatzik finkatu ez badute ere, Patricyan eta Angela Moreno artistek emakumearen egoera dute aipagai erakusketan. Angela Morenok, esate baterako, emakume biluztuak lantzen ditu.

Sentsibilitatea

Guztiak emakumeak izanik ere, oso sentsibilitate ezberdinak zeuzkatela goraipatu zuen Josette Dacosta antolatzaileak. Ezberdintasun horiek agerian jarri nahi izan ditu erakusketa horretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo