Alderdien Legea gainditzeko pausoak eskatu dizkie PSOE eta Batasunari EAk
GARA |
Bi hilabete barru izango diren hauteskundeetan parte hartu ahal izateko «pauso konkretuak» emateko eskatu zion Batasunari atzo Madrilen EAko diputatu Begoña Lasagabasterrek eta, era berean, Alderdien Legea bertan behera uzteko edo aldatzeko eskatu zien, bai PSOEri eta baita Zapateroren Gobernuari ere.
Alderdi bereko buruzagi Onintza Lasarekin batera, hauteskundeetan parte hartzeko egun ezker abertzaleak duen ezintasunaren «arazoa» konpontzeko unea heldu dela esan zuen Lasagabasterr-ek, hauteskundeetan izaten diren mekanismoen baitan ezarritako epeak kontuan izanik.
Alderdien Legea onartu zenetik bost urte betetzen diren honetan, PSOEren eta PPren artean adostutako arau horrek «arazoak» baino ez dituela sortu baloratu zuen EAko diputatuak. Sortu diren arazoak konpontzeko, «borondatearekin eta ahaleginarekin denok batera fitxa mugitzeko» momentua dela gaineratu zuen EAk.