GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezabaketa ekimenengatik auzipetuek ez dutela agiririk jaso salatu dute

Iazko azaroan Ipar Euskal Herriko hamabi lagunen aurkako salaketa jarri zuen Pirinio Atlantikoetako departamenduak, eta lau hilabeteren ondoren, beren hizkuntz eskubideak urratuko ez dituzten agirien zain jarraitzen dutela salatu zuen atzo EHEek.

GARA |

Badira lau hilabete Euskal Herrian Euskaraz-ek deituriko Ezabaketa Astearen baitako ekimen batzuetan parte hartzeagatik, hamabi lagunen aurkako auziperatze aginduak eman zituela Pirinio Atlantikoetako departamenduak. Bi hilabete igaro ondoren, Polizia izan zen agindua helarazteko beraien bila joan zena, baina Euskal Herrian Euskaraz-ek atzo jakinarazi zuenez, pertsona horiek «ez dute agiririk jaso». Izan ere, euskararen aldeko erakundeak argitu zuenez, lagun horiek jasotako agiriak «erdara hutsean» daude, eta beraz, beren hizkuntza eskubideak urratzen dituzte. «Eta ez da ezer jasoko euskaraz egiten ez den bitartean», gaineratu zuen EHEek.

Aipatu ekimena, azken bi hamarkadetan batez ere Ipar Euskal Herrian indartuz joan den toponimiaren inguruko aldarrikapen baten bidetik zetorren. Hogei urte inguru daramatzate herrietako izenak erdara hutsean ageri direla salatzen. EHEek gogoratu zuenez, duela denbora zenbait, Pirinio Atlantikoetako departamenduak eta Euskararen Erakunde Publikoak Zuberoako bide seinaleak euskaratzea hitzartu zuten, baina hitza betetzen ez zutela ikusirik, iazko azaroaren 18an Herri Elkargoaren aurrean elkarretaratzea deitu zuen euskararen ofizialtasunaren aldeko erakundeak. Hortik datorkie auzipetzea hamabi lagunei.

EEP eta hautetsiak erantzule

Egoera horren erantzuleak bilatzerako orduan, gainera, EHEek EEP eta udal hautetsiak seinalatu zituen, zalantzarik egin gabe. Azken horiei buruz mintzatu zirelarik, erakunde euskaltzaleko kideek gogoratu zuten ez dutela «ezer» egin: «ez dute inolako presiorik egin departamenduak hartutako engaiamendua bete dezan, bide seinaleak euskaldundu ditzan», kritikatu zuten.

Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoaren kontra ere oldartu ziren EHEeko kideak, betetzen duen «papera» ulertzen ez dutela adieraziz: «Euskaldunon egoerari dagokionez, zerbait aldatu ote da erakunde hau sortu denetik?», galdetu zuten. Beren hitzetan, erakunde horrek ez du «euskaldunok babesteko egiazko neurri eraginkorrik» hartu. Horren azalpena ere argi eman zuten, «Estatu frantsesaren tresna» dela gogoraraziz eta «ahalmen legegilerik» ez duela azpimarratuz. «Euskarak baztertua, ukatua, zanpatua eta galzorian segitzen du. Euskararen Erakunde Publikoak ez du deus aldatu», ondorioztatu zuten atzo Maulen eginiko agerraldian. Erakunde horrek egiten duen bakarra «neurriz kanpoko kanpaina mediatiko» hutsa baino ez dela ere gaineratu zuten.

Azkenik, EEPko lehendakari Max Brissonek ezabaketa ekimenek 80.000 euroko kalteak eragin zituztela esanez eginiko adierazpenei ere erantzun zieten, euskarari egindako kalteak EEPren aurrekontu «miserablearekin» konpontzetik «urrun» daudela ziurtatuz.

Euskarari kalteak

EHEek atzo adierazi zuenez, «euskarari egindako eta egun egiten segitzen duten kalteak, Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontu miserablearekin konpontzeko urrun dira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo