GARA > Idatzia > Kultura

«Galiziarrak eta katalanak izututa utzi ditugu hemengo bikoizketa urriarekin"

BEATRIZ ZABALONDO
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko lehendakaria

Bi hamarkadatako ibilbidea egin du Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE). Erakundeak hogeigarren urtemuga ospatu zuen otsailean, urteroko batzar nagusiaren ondorengo bazkariarekin. Bileran lehendakari berria hautatu zuten, Beatriz Zabalondo.

Izaskun LABEAGA

Beatriz Zabalondo Elgetan sortu zen duela 46 urte. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko zuzendaritza taldeko kide izan da eta iragan otsailaren 17az geroztik lehendakari berria da, bazkideek aho batez hala erabakita.

EIZIEko lehendakari izendatu zintuzten batzarrean aurtengo lan egitaraua ere onartu zenuten. Zeintzuk izango dituzue lan ildo nagusiak?

Lehendik datozen lanak daude jarraipen emateko: literaturaren arloan, Literatura Unibertsala bilduma; bestetik, euskal literatura atzerriratzeko ataria, www.basqueliterature.com webgunea; eta hirugarrenik, beste itzultzaile elkarteekin ditugun loturak, Europakoekin, batez ere. Arlo teknologikoan, itzuL posta zerrenda solasgunearekin jarraituko dugu, bertan egunero 650 lagun aritzen dira kontsultatzen. Itzul Baita proiektuarentzat arduraduna izendatu da eta martxan jartzea izango da kontua. Itzulpengintzaren erreferentzia bilakatuko den gune bat izango da guretzako. Hor bilduko dira EIZIEk beste elkarte eta erakunde batzuekin bat eginda bideratuko dituen hainbat proiektu. Horietako bat, katalogazioarena izango da. Urteroko argitalpenak dira beste zereginetako bat eta gainera, jendearen prestakuntzari helduko diogu. Hori urtero egin izan dugun zerbait da eta aurten indartzeko asmoa dugu. Batzarrean aipatu zen komeni zaigula gure jarduera gizarteratzea, anonimotasunetik irten eta, gutxienez, lizentziatu berriengana iritsi eta gure eskaintzaren berri emateko.

Zer esango zenuke zuzendaritza talde berriaz?

Erdiak lehendik gatoz, aurreko bi urteetan zuzendaritza taldean egon gara. Bestetik, jende gaztea sartu da, ikasteko gogoz eta proiektu berriekin laguntzeko animoarekin.

Italieratik (Vasco Pratolini) eta errusieratik (Isaak Babel) euskarara itzulitako obrak aurkeztu berri dira. Gure hizkuntzara ekarritako ekoizpena osasuntsu dagoenaren seinale da?

Baietz esango nuke, gero eta osasuntsuago gainera. Lizentziatura bat daukagu Gasteizen eta jende gaztea prestatua dator. Itzulpengintzaren mailak hobera egin du nabarmen azken hamar urteetan. Ekoizpena handia da eta lanean jende oso ona dabilela esango nuke.

Gehienbat gazteleratik itzultzen jarraitzen duzue. Zeintzuk dira beste hizkuntzak?

%95etik gora gaztelaniatik euskarara egiten da eta hori administrazioko lan handia dagoelako gertatzen da. Hurrengo hizkuntza ingelesa da, %10arekin; pixka bat azpitik, %5-6aren inguruan dabil frantsesa. Azken urteetan geroz eta gehiago ikusten da euskaratik gaztelaniarako itzulpena eta baita, nahiz eta neurri txikiagoan oraindik, beste hizkuntzetara ere.

Esportatzen dugun literaturaren errealitatea zein da?

Ari gara itzultzen baina hutsune handia dugu itzultzaile aldetik. Euskaratik ingelesera edo frantsesera zuzenean itzultzen ari diren profesionalek ezin diote eskaerari erantzun. Lan asko dute eta beharbada hor lizentziatu berriek etorkizun oparoa izango dute.

Pozik egoteko arrazoirik bada, beraz.

Eskaera handia da, gainera. Europako azoka desberdinetara goazenean kolaborazio hori eskatzen zaigu.

Itzultzailearena lan bakartia da, ezta? Zer ematen dio elkarteak itzultzaileari?

Babes handia ematen dio elkarteak, baduelako bakartasun horren berri. Gure arloetako bat formazioarena da. Baina ez da jakintza arlo bat eskaintzera mugatzen, kontaktuak ahalbidetzen ditu eta lankidetza asko sortzen dira itzultzaileen artean. Bakartasun hori arintzeko modu bat izan liteke. Betidanik bulego bat eduki dugu, jendearengandik gertu eta laguntza emateko beti prest.

Itzulpena sormen ekintza bat da, zalantzarik gabe. Onartua dago ala aldarrikatu beharrean zaudete oraindik?

Gure artean onartua dago baina kanpoan ez hainbeste. Oraindik euskaraz dakien edonori eskatzen zaio `jarriko al zenidake esaldi hau euskaraz?', hizkuntza dakien edonork itzultzeko gaitasuna izango balu bezala. Itzultzailearen lana ikasi egiten da, kostu batzuk dauzka eta ahalegin handi bat eskatzen du. Ez da nahikoa hizkuntza bat ezagutzea itzultzen jarduteko. EIZIEk aldarrikatu eta gizarteari erakutsi behar dion gauza bat da.

Euskal Herria, Galiza eta Kataluniako ikus-entzunezkoen itzulpenari buruzko lehenengo batzarra egin da aurten. Zer moduzko lankidetza duzue bi herri horiekin?

Bikoizketari buruzko kongresu hori Galizan egin genuen. Oso garrantzitsua izan da, hiru erkidegoetako profesionalak elkar ezagutzeko eta nola lan egiten dugun jakiteko, zein arazo dauzkagun jakitea eta hori konpartitzea oso garrantzitsua da, bestela, bakartasun horretan, asko- tan, arazoak zuk bakarrik dituzula iruditzen zaizu.

Zein da gure egoera galiziarrekin eta katalanekin alderatuta?

Ekoizpen mailan gu oso kaxkar gaude. Euskal Herrian, gutxi gorabehera, egunean ordu bete inguru bikoizten da. Aldiz, galiziarrek batez beste 1.500 ordu eta katalanek 3.000 ordu inguru. Haiek beste maila batean daude. Ikaratuta gelditu ziren guk zifra horiek eman genituenean. Ez zuten ulertzen nola izan zitekeen hori telebistak, besteak beste, hizkuntza normalizatzeko helburuarekin sortu direla kontuan hartuta. Egiteko moduetan, euskaldunok guztiz zabaldua dagoen konkista bat egina daukagu: hemen itzuli eta egokitu pertsona berak egin behar du eta haien kasuan, aldiz, bi eskutatik pasatzen dira gidoiak. Hizkuntza bakoitzaren berezitasunak alde batera utzita, kezka bertsuak ditugu: presaka lan egiten da, tarifen kontuak ez daude oso bideratuta ....

Teknologia berriekin nola aldatu da zuen lana?

Pentsa, orain ordenagailuarekin egiten dugu lehenago lapitza eta borragomarekin egiten genuena. Teknologia berriekin azkartasunean irabazi dugu, gauzak gordetzeko moduan, itzul- pen memoriek, esaterako, asko laguntzen diete erabiltzen dituztenei. Aurrerapen handiena internet bera izan liteke, ordenagailuarekin kontsulatzeko bideak ikaragarri zabaldu eta erraztu dira.

Itzulpen automatikoak ez du arriskurik?

Hori ere bere neurrian ulertu behar da. Itzulpen automatikoak oso eraginkorrak izan litezke bi hizkuntza erromanikoren artean eta euskararekin ere ahalegin batzuk egiten ari dira. Lehenengo zirriborroa egiten lagun dezake baina gero orraztu handia egin behar da. Zenbat eta modu artisaugoan egindako testua izan, hobe. Itzulpen automatiko baten atzetik zuzentzaile eta itzultzaile on bat beharrezkoa da.

Webak ere lan esparru berria izango dituzue?.

Bai, ikus-entzunezkoen barruan gorrentzako azpitituluak jartzea edo itsuentzako bikoiztea, adibidez, gero eta gehiago eskatzen dira. Interpreteak ere gero eta gehiago eskatzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo