Lan istripuen arazoan bere erantzunkizuna onar dezala eskatu diote Lakuari
ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek lan istripuen arazoan duen erantzunkizuna onar dezala eskatu diote Lakuari. Arlo horretan, Administrazioak erakusten duen jarrera pasiboa salatu dute.
GARA
«Eusko Jaurlaritzak patronalari aurre egiteko borondatea eta enpresetan gertatzen diren gehiekeriei bukaera emateko borondatea agertzen duenean jarriko da lan istripuen arazoa soluzio bidean», nabarmendu dute ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek. Horrela erantzun zioten Joseba Azkarraga Lakuako Lan kontseilariak hogeita lau ordutan eraikuntza arloan hiru hildako eragin dituzten lan istripuen inguruan bezperan egindako adierazpenei.
«Azkarragak erantzunkizun politiko handia du baina uko egin nahi dio `akordio orokor baten' beharra azpimarratuz eta `Administrazio, enpresari eta sindikatuen inplikazioa' eskatuz». Prentsara igorritako oharrean «bere erantzunkizuna» onar dezan eskatu diote.
Urteko lehen hilabetean izandako lan heriotz kopuru galantaren inguruan egindako hausnarketan arazoak arrazoi eta erantzule zehatzak dituela diote. Nabarmendu dutenez, prekarietatea, azpikontratazioa, aldi baterako kontratazioa eta lan eskubideen hondatzea dira arrazoiak. «Bere betebehar legalei sistematikoki uko egiten die patronalak. Bere etekin ekonomikoak langileen segurtasunaren eta osasunaren aurretik jarri ditu», salatu dute.
Euren aburuz, egoerak buelta emango luke administrazio guztiek beren erantzunkizuna onartuko balute. «Baina, ezbehar-kopuru kontuetan, administrazioen pasibitatea eta patronalaren inpunitatea elkarrekin doaz», nabarmendu dute.
«Zer egiten dute Jaurlaritzak eta bere Lan Sailak lan istripuak saihesteko? Ezer gutxi. Segurtasun eta lan osasun arloan esfortzu gutxi ikusten da aurrekontuetan, txokeko kanpaina birtualak egiten dituzte eta Osalan elkarte burokratiko eta ez eraginkorra bilakatu dute». Adierazi dutenez, Lakuak «patronalak bere etekin ekonomikoak handitzen segitzeko behar dituen baldintzak mantentzea nahiago izan du, langileen segurtasun eta osasun arazoak konpontzea baino».
Batasuna: «Eskandalua da»
Batasunak ere gogor salatu ditu gertatutako lan istripuak eta hogeita lau ordutan eraikuntza arloan izandako hiru heriotzen inguruan argi mintzatu da. «Sektorerik kaltetuenetakoa da eta gaur egun langileak barra barra hiltzen ari dira. Hau eskandalua da, inolaz ere onartu ezin daitekeena».
Nabarmendu duenez, patronalaren eta Lakuako eta Iruñeko gobernuen «hipokrisia erabatekoa da. Nola ausartu daitezke, aurreko batean Zenarruzabeitia andereak egin zuen moduan, hazkundeaz hitz egitera, egunez egun langileen lan heriotzekin topatzen garenean? Hipokrita hutsak dira, ez baitute inolako urratsik ematen, ezta inolako neurririk hartzen ere odoluste horrekin amaitzeko». Egoerak «erantzun tinkoa» eskatzen duela dio, «administrazioaren pasibitatea izugarria delako». Izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.