GARA > Idatzia > Euskal Herria

Milaka lagunek errausketaren aurkako oihua entzunarazi dute

«Ez Zubietan, ez inon. Errausketarik ez" leloa izan zen nonahi ikus edo entzun zitekeena Donostiako kaleak herritarrez bete zituen manifestazioan. Errausketa metodoa errefusatzea xede nagusitzat zuen protestaldian, gainera, herri galdeketaren eskakizuna nabarmena izan zen. Agintariei, bestalde, herritarren ahotsa entzun eta errespeta dezatela galdegin zieten.

Gari MUJIKA

Milaka lagun elkartu ziren atzo Donostiako kaleetan herrialdean ezarri nahi diren errausketa planten eta metodoaren beraren aurkako oihua entzunarazteko. Joan den urtarrilaren 30ean Donostiako Udaletxeak Zubieta errausketa planta ezartzeko kokagune gisa aukeratu ostean, GARAk egindako kontaketaren arabera kasik 7.000 lagunek Udalaren erabakiaren aurkako jarrera gorpuztu zuten atzo herrialdeko hiriburuan. Kokaguneaz harago, errausketaren aurkako protesta jendetsua izan zen Donostiakoa.

Ez zen ohiko manifestazioen tankerakoa izan. Bi idi pare galant arduratu ziren errausketaren aurkako protesta abiarazteaz, eta segidan asto bat, hogei zaldi beren gidari eta guzti, eta hiru traktore zihoazen. Eta atzetik, Gipuzkoako eta Donostiako agintari politikoei beren haserrea eta onespen eza azaldu zieten milaka herritarrak. Errausketaren aurkako Gipuzkoako koordinadorako ordezkariek zeramaten pankarta zen nagusia, baina dozenaka gehiago ikus zitezkeen ibilbidean zehar.

«Alternatibak daudelako, errausketarik ez. Ez Zubietan, ez inon» lelodun pankartaren atzetik abiatu zen Donostiako Anoetatik manifestazioa. Ibilbidean zehar, hala ere, ehunka izan ziren protestaldiari gehitu zitzaizkion herritarrak.

Manifestazio osatua izan zen gainera. Ez zen soilik errausketaren aurkako oihua entzun. Errausketak osasunean eragin ditzazkeen ondorioez kezkaturik, esaterako, Zubietako eskola txikiko ikasleek «osasuntsu bizi nahi dugu» zioen pankarta zeramaten; beste batzuek, erreferenduma galdegiten zuena; hurrenak, ostera, birziklatzea, berrerabiltzea, hondakin organikoak probestea edo-ta konpostajea errausketa metodoaren alternatiba gisa azaltzen zuena. Izan ere, behin eta berriz entzun ahal izan zen bezala, errausketak alternatibak baititu.

Erreferenduma galdegiten

Luze joan zen manifestazioak, azkenean, Bulebarrean izan zuen amaiera. Bertan elkartu ziren milaka lagunak, eta, kioskora igota, koordinadorako kide batek hartu zuen hitza.

Koordinakorako kideak gogor salatu zuen Donostiako Udalak «izkutuan» eta «atzera bueltarik gabeko» neurri gisa saldu nahi izatea errausketa planta ezartzeko kokagune gisa Zubieta izendatu zuen erabakia. Aldundiko agintarien jarrera ere gaitzetsi zuen, inposaketa besterik ez dutelako egin nahi errausketaren aferan; herri galdeketa defendatu zuen segidan, manifestazioan entzun zen bezala.

Europako parlamentuak erabaki berri duen direktiba errausketa metodoaren aurkakoa dela gogorarazi zuen, baina herrialdeko agintariek, aldiz, horri ere muzin egiten diotela salatu zuen. «Gezurrak alboratu eta ondorengoen etorkizuna bermatu dezatela», exijitu zien azkenik herrialdeko agintari politikoei, eta bertaratutako herritarrei errausketaren aurka jarraitzeko gonbita egin zien.

Zaldiak, idiak, astoa, musika, traktoreak eta ehunka haur eta guraso

Errausketa planta bat irudikatu nahi zuen tximinia zeramaten bi idi pare arduratu ziren mobilizazioa gidatzeaz. Atzetik, zaldiak, asto txiki bat eta makina bat traktore zihoazen, errausketa planta ezarriz gero kalteturik suertatu daitezkeen ofizioak eta lanabesak irudikatuz. Ehunka izan ziren beren umeekin bertaratu ziren gurasoak ere.

Herritar gisa hurbildu ziren aktoreak eta musikariak ikusi ahal izan baziren ere, arduradun politikoak edo sindikalak izan ziren ugarienak. Izan ere, babes zabala jaso zuen protestaldia izan zen atzokoa. Hala, LAB, ELA, CCOO, ESK eta STEE-EILAS, sindikatuak han izan ziren; eta EB-Berdeak, Batasuna, Zutik eta Aralar alderdiak eta Eguzki, Ekologistak Martxan eta Greenpeace talde ekologistak ere bertan izan ziren. G.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo