GARA > Idatzia > Pilota

Pilota Binakako Txapelketa

Irabazten ez zaie ahaztu Gonzalezi eta Pascuali

Hutsegiteekin aurkariari bizia eman zioten arren, lapurtarrak eta nafarrak garaipenari eutsi zioten atzokoan

GONZALEZ-PASCUAL 22
BENGOETXEA-RUIZ 19

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Kostata bada ere, Sebastien Gonzalezek eta Iñigo Pascualek irabazten ez zaiela ahaztu erakutsi zuten atzo Iruñeko Labriten. Xala eta Eulateren aurkako partidan pairatutako txakalaldirik ez zuten izan, baina guztia alde zuten bakoitzean norgehiagokan sartzen uzten zieten Oinatz Bengoetxeari eta Patxi Ruizi. Horrela gauzak, bazirudien beste behin ere ez zirela irabazteko gai izango. Azkenean, ordea, Binakako txapelketako finalean sailkatzeko aukera eskaintzen dien garaipena lortu zuten, asko sufritu bazuten ere.

Gorriak egiten eta desegiten ibili ziren partida osoan zehar, tantoak eta hutsegiteak tartekatuz. Ruizen eskuko minak eta Bengoetxearen besoko oinazeak -paretaren aurka jo eta gero, mina hartu zuen 3-5ekoan- urdinen joko eskasaren arrazoia zirela zirudien. Dena dela, lehenengo abantaila nabarmenak nafarrentzat izan ziren, 3-6 aurretik jarri baitziren, Gonzalez jokoan sartu zen arte. Azkainekoak 24 minutu behar izan zituen bere lehen tantoa egiteko, baina hortik aurrera bederatzi egin zituen.

Lapurtarraren lan txukunari esker aurretik jartzea lortu zuten gorriek. 8-7koa Gonzalezen bi sakeen bidez etorri zen. Ondoren, zabalera bidalitako bolea beldurgarri baten ondoren, 9-8koa jarri zuen azkaindarrak. Gonzalezen eskutik etorri ziren 12-10 eta 14-12koa ere, zabalera botatako beste bi erremateri esker, eta 15-12koa, txapagainean utzitako dejada eder baten ondoren. 17-12koa ere aurrelariak igo zuen markagailura. Emaitza ikusita eta batzuen eta besteen jokoa kontuan izanik, partida erabakia zegoela zirudien.

Pascualen txanda

Gorrien hutsegiteak etorri ziren ondoren, baita Ruizen dejada eder bat ere. 17-16 jartzea lortu zuten urdinek, baina Pascualek aurreko akatsak konpondu zituen jarraian egindako hiru tantoekin. Izugarriak izan ziren Abartzuzakoaren pilotakadak, pilota errebote ingururaino eraman baitzuen.

Markagailua 21-16 zegoen arren, Bengoetxeak bere azken auspoa bota eta hiru tanto jarraian egin zituen (21-19). Aurreko partidan izandako txakalaldia etorri zitzaien burura Gonzalezi eta Pascuali, baina Bengoetxearen hutsak 22-19 jarri zuen markagailua. Gorriek arnasa hartzea lortu zuten.

Hain zuzen ere, garaipenerako bidea zeharkatzeko gai izaten jarraitzen dutela egiaztatu zuten Gonzalezek eta Pascualek. Txapelketako finalera iritsi nahi izanez gero eta kanporatzerik nahi ez badute, bi pilotariek bide hori berriro burutu beharko dute Olaizola I eta Belokiren aurkako hurrengo partidan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo