GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ostiralean, eskolak euskalduntzearen aldeko manifestazioa izango da Gasteizen

GARA |

«Garaia delako bai eskolak euskalduntzeari!» dinamikan, Eskolak Euskaldundu herri ekimenak manifestazio bat iragarri du datorren ostiralerako, Gasteizen. Hitzordua arratsaldeko zazpietan izango da Bilbo plazan.

Atzo egindako agerraldian bildutako hamarnaka lagunek adierazi zuten Arabako hiriburuan dauden eskoletan ikasten duten lau ikasletik hiru eskolatik euskaldundu gabe ateratzen direla. Bildutakoen aburuz, datu «kezkagarri» horiek egungo hezkuntza ereduen ondorioa dira, eta horiek aldatzea «ezinbestekotzat» jo zuten.

Eskolak Euskaldundu herri ekimenak aldaketa garaia datorrela deritzo; baina edozein aldaketa balekoa ez dela adierazi nahi izan zuen Gasteizen egindako agerraldian. Kideen iritziz, «tarteko proposamen malguek orain arteko hizkuntza eskubideen urraketak irautea» ekarriko dute, eta horregatik aldaketa sakona eskatu zuten.

Azken urteetan, gai horren inguruan Gasteizen salaketa lan handia egin izan dutela gogorarazi zuten, eta horren adibide gisa aipatu zituzten joan den urteko ikasturtean Arabako hiriburuan eskuratutako 9.500 sinadurak edota egindako mobilizazioak. Hala eta guztiz ere, ikasle guztiek euskara jakitea bermatu ahal izateko etorkizunean ere mobilizatzeko premia egongo dela adierazi zuten.

Atxikimendu ugari

Gasteizko gizarteari ostiralean egingo duten manifestazioan parte hartzeko gonbidapena egin zion ekimenak; gainera, deialdiak lortutako atxikimenduen berri eman zuten agerraldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo