GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urritasuna duten pertsonak ezagutu eta ezagutarazteko deia egiten ari da Atzegi

«Adimen urritasuna duten pertsonak gizartearen parte dira, eta erronka ez da begiratzea soilik, mugetatik harago ikustea baizik, lagun horiek ezagutu eta ulertzeko". Mezu hori ari da zabaltzen Atzegi egunotan.

GARA |

Atzo hasi eta hamar egunean 10.000 kartel eta liburuxka banatuko ditu adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, Atzegik. «Asko begiratu arren, ez nauzu ikusten» leloa aukeratu du aurtengo kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainarako. Izan ere, Gizarte politikako ahaldun Esther Larrañagak atzo azaldu zuen: «Urritasuna duten pertsonak gure gizartearen parte dira, eta erronka ez da begiratzea bakarrik, mugetatik harago ikustea baizik». Larrañagaren iritziz, aurrerapausoak eman dira urte hauetan, baina oraindik «erronka garrantzitsuak» daude etorkizunerako. Horregatik, herritarrei dei egin zien itxuratik harago ikusi eta murriztasunen bat duten lagunak ulertzeko, «denok behar dugulako babesa gauza batzuetan».

Atzegiko presidente Joxean Idoetak elkartearen sorrera ekarri zuen gogora atzoko aurkezpenean. Orain dela 25 urte sortu zuten Atzegi adimen urritasuna duten pertsona batzuen gurasoek, seme-alabak gizartean normaltasunez integratzea nahi zutelako. Ordutik jendearen jarrera aldatzea lortzen ari direla nabarmendu zuen elkarteko presidenteak, baita urritasunen bat duten lagunek «normaltasunez bizi direla frogatzea ere».

Hurbilekoen tratua

Atzegiko ordezkari Mitxel Lakuntza harro dago Gipuzkoan «kalitatezko zerbitzuak» daudelako adimen urritasuna duten lagunentzat. Hala ere, zerbitzuak eskaintzearekin batera, gizartea kontzientziatzeko lan egitea ezinbertzekoa dela erran zuen atzo. Mitxel Lakuntzaren arabera, murriztasunen bat dutenentzat erabakigarria da hurbilekoengandik jasotzen duten tratua. Izan ere, «pertsonen arteko harremanek ematen baitiote bizitzari kalitatea».

5.600 «atzegizale» inguru daude orain, iaz baino 800 gehiago, eta 2.919 bazkide ditu erakundeak denetara. Baina, bertako eledunak adierazi zuenez, lanean jarraituko dute «atzegizale» gehiago izateko, hau da, «adimen urritasuna duten pertsonak ikusten dituen eta gainerakoek ikus ditzaten laguntzen duen jende gehiago izateko». Bertzalde, lagun horienganako jarrera aldatu egin dela ohartarazi zuen Mitxel Lakuntzak. «Lehen, asko eta gaizki begiratzen zitzaien; orain, jokaera horiek izugarri aldatu dira. Dagoeneko ez da eskubide kontua», adierazi zuen.

Informazioa zabaltzeaz gain, ekitaldiak ere prestatu ditu Atzegik «Asko begiratu arren, ez nauzu ikusten» kanpainaren barrenean. Ostegunean, martxoaren 8an, elkarteko lehenbiziko film labur lehiaketako lan irabazleak erakutsiko dituzte Donostiako Victoria Eugenia antzokian, arratsaldeko zortzietan hasita. Hurrengo egunean, berriz, ekitaldi alaia eta freskoa eginen dute Andia kaleko Kutxako aretoan, ezustez betea. Arratsaldeko sei eta erdietatik aitzinera kanpainari buruzko informazioa emanen dute, familiaren garrantziari buruzko hitzaldia ere bai, Atzegiko dantza taldeak gorputz mugimendu abilak erakutsiko ditu eta Luis Zaldua zuzendari ohiari omenaldia eginen diote.

Azkenik, larunbatean lantegia izanen da Angels Ponce psikologoarekin. Goizeko hamarretatik arratsaldeko bostetara kataluniako emakumeak estres egoerak nola gainditu azalduko die adimen urritasuna duten pertsonen familiakoei eta lagunei.

Jarrera aldaketa

«Lehen, asko eta gaizki begiratzen zitzaien; orain, jokaera horiek izugarri aldatu dira. Dagoeneko ez da eskubide kontua», baieztatu dute adimen urritasuna dutenen aldeko Gipuzkoako elkartekoek.

Ekitaldiak ere bai

Informazioa zabaltzeaz gain, ekitaldiak ere prestatu ditu Atzegik kanpainaren barrenean. Film laburrak erakutsi, hitzaldia eman eta estres egoerak gainditzeko lantegia eginen dute, bertzeren artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo