GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala

Donibane Lohizuneri etorkizuna asko ilundu zaio

Bigarren faseko bigarren partida galdu duenez, ia ezinezkoa du Pro 2ra igotzea

Jon LEUNDA | BAIONA

Beltza izan da asteburua, oso beltza, Liga Federaleko Lehen Mailan dabiltzan hiru euskal taldeentzat, hirurek galdu baitute. Donibane Lohizune Pro 2ra igotzeko ametsekin ari da jokatzen; Nafarroa eta Maule, aldiz, mailari eusteko borrokan.

Bigarren fase honetako ligaxkak oso laburrak dira, eta partida pare bat galduta, ia aukerarik gabe geratzen da. Horixe bera gertatu zaio Donibane Lohizuneri; izan ere, Pro 2ra igotzeko lehia horretan hirugarren fasera joateko ia aukerarik ez baitzaio geratu, galdu egin baitzuen herenegun etxean, Chalon taldearen aurka 13-29. Bigarren porrota izan da. Txaskok egin zuen euskaldunen entsegua, eta Elizondok bi transformazio eta zigor-kolpe bat gauzatu zituen.

Mailari eusteko lehian, aldiz, Nafarroak 24-21 galdu zuen Cahorsen, eta aukerak izaten jarraitzen du, lehen jardunaldian irabazi baitzuten. Fagouetek eta Seychalek lortu zituzten entseguak, eta Zelanek transformazio bat eta hiru zigor-kolpe egin zituen.

Mauleri, berriz, mailari eusteko aukerak asko okertu zaizkio, ligaxka honetako bigarren partida galdu baitu. Zuri-gorriak etxean aritu ziren Ortesen aurka, eta 0-23 galdu zuten. Emaitzak ederki erakusten du etxekoak ez zirela batere fin aritu, ez baitziren puntu bakar bat egiteko ere gai izan.

Bigarren Mailan ere gauzak ez ziren askoz hobeto joan, partida bakarra jokatu eta galdu egin baitzuten euskaldunek. Bokale Avenir Aturinen zelaian aritu zen herenegun arratsaldean, eta 18-7 galdu zuen. Transformatutako entsegu bat bakarrik lortu ahal izan zuen. Donapaleuk etxean Salles hartu behar zuen, baina partida hori bertan behera geratu zen. Noiz jokatuko den ez dago argi.

Hirugarren Mailako emaitzak hauek izan ziren: Hendaia 10 / Lembeye 12; Lerresoro 0 / Mugerre 6; Senpere 3 / ASB 6; Bardoze 16 / Rion des landes 12.

Nafarroa

Nafarroa Behereko taldeak ez zuen norgehiagoka eskasa egin, baina 24 eta 21 galdu zuen Cahorsen zelaian. Hori-gorriek ligaxka honetako lehen partida galdu dute, eta ezin dute lo geratu.

Maule

Zuri-gorriek ligaxkako bigarren norgehiagoka ere galdu zuten, eta mailari eusteko aukerak gutxitzen ari zaizkie. Zuberotarrek Ortese hartu zuten etxean, baina ez ziren puntu bat egiteko ere gai izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo